Ertzaintzak 43 urteko emakume bat atxilotu du Gasteizen, ebasketa-delitu jarraitua eta iruzurra leporatuta, zaintzaile-lanetan aritzen zen Gasteizko zazpi etxetan, gutxienez, bitxiak eta erlojuak lapurtzeagatik. Gainera, lapurtutako objektuak bigarren eskuko establezimenduetan saltzeaz arduratzen zen gizona ere atxilotu dute.
Ertzaintzak ikerketa hasi zuen 2023tik Arabako hiriburuko hainbat etxetan bitxiak eta erlojuak lapurtu zituztela jakin zuenean. Kasu guztietan, etxean adineko edo mendeko pertsonak bizi ziren eta zaintzaile baten laguntza jasotzen zuten, eta, hasiera batean, ez zuten jakin lapurreta egin zietenik.
Salaketa batzuk jarri zirenean jakin ahal izan zen modus operandia berbera zela kasu guztietan, eta lapurreten egilea, biktimen etxeetan zaintzaile gisa lan egiten zuen emakumea, identifikatu ahal izan zuten. Emakumeak bitxiak eta erlojuak lapurtzen zituen lan egiten zuen etxeetan, laguntza ematen zien pertsonen zaurgarritasunaz aprobetxatuz, eta 31 urteko gizon baten laguntzaz, lapurtutako objektuak bigarren eskuko establezimenduetan saltzen zituen.
Era horretako establezimenduen jarraipena eginez argitu ahal izan dira, oraingoz, Gasteizko zazpi etxetan egindako bitxi-lapurretak.
Ertzaintzak atzo, osteguna, atxilotu zituen inplikatuak ebasketa-delitu jarraitua eta iruzur-delitua leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zituen beharrezko eginbideekin jarraitzeko. Atxilotutako emakumea bizi den gelan sartu eta miaketa egitean bitxiak eta imitazioko bitxiak konfiskatu zituzten, eta horietako hiru jarritako salaketetan lapurtu gisa agertzen zirela egiaztatu zuten. Ertzaintzak zabalik du ikerketa, eta ez du baztertzen atxilotuak beste lapurreta batzuetan ere inplikatuta egotea.
Polizia-eginbideak amaitzen dituztenean, atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte.