Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, homizidio-ahalegina leporatuta, bikotekidea, 39 urteko emakumea, itotzen eta sastakatzen saiatu ondoren. Pisukide batek saihestu du erasoa gehiagora joatea.
Gaur, larunbata, goizaldeko 01:30 aldera, Bilboko Indautxu auzoko etxebizitza batean gertatu da. Telefono-dei baten bidez eman diote jakitera Ertzaintzari aipatutako etxebizitzan eztabaida handia zutela.
Agenteek, etxera iritsi direnean, inplikatuak eta lekukoak identifikatu dituzte, eta hauek azaldu dutenez, minutu batzuk lehenago bikotea eztabaidan aritu da eta gizonak emakumeari lepotik heldu dio itotzen saiatuz. Emakumeak konortea galdu du, eta gizonak sukaldera joan eta bi labana hartu ditu sastakatzeko asmoz. Pisukide bat tartean sartu izanari esker erasotzaileak ez du bere helburua bete.
Erasotzailea homizidio-ahalegina leporatuta atxilotu dute, eta polizia-egoitzara eraman dute. Ertzaintzak genero-indarkeriako biktimei arreta emateko protokoloa aktibatu du, eta lehenengo laguntza eman ondoren, emakumeari osasun-zentro batera lagundu dio lesioak artatzera.
Atxilotua dagozkion eginbideak amaitutakoan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.