Euskal Autonomia Erkidegoan, Katalunian eta Valentziako Erkidegoan jarduten zuten etxebizitzetako lapurretetan espezializatutako talde kriminal bateko hainbat kide atxilotu ditu Ertzaintzak

Operazioan apirilean Gasteizko etxebizitza batean lapurreta egin ostean ihes egin zuten talde kriminal horretako bi kide atxilotu dituzte. Polizia Nazionalarekin lankidetzan, Ertzaintzak egindako ikerketei esker susmagarriak identifikatu eta atxilotu zituzten joan zen astean Valentzian.

Ikerketa joan zen apirilean hasi zen, Arabako hiriburuko etxebizitza baten jabeek bi gizon haien etxean topatu zituztenean. Gizon horiek balkoi batetik igo ondoren sartu ziren barrura, eta, ondoren, ibilgailu batean ihes egin zuten.

Salaketa jaso ondoren, SICTAko (Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua) agenteak lapurreta ikertzeaz arduratu ziren, eta ustezko egileak Bizkaiko udalerri batean kokatu ahal izan zituzten, lapurreta gertatu baino ordu batzuk lehenago. Ikerketa horri esker, susmagarriak identifikatu egin zituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Katalunian eta Valentziako Erkidegoan aritzen zen mugikortasun geografiko handiko talde antolatu bateko kideak zirela ondorioztatu zuten. 

Polizia Nazionalarekin lankidetzan, bi susmagarriak Valentziako erkidegoko CIEn (Atzerritarrak Barneratzeko Zentroan) zeudela jakin zen, epaiketa egiteko zain eta lurralde nazionaletik kanporatzeko prozesu batean murgilduta; izan ere, polizia-kidego horrek atxilotu zituen, bere mugapean etxe batean indarra erabiliz egindako lapurreta batean in fraganti harrapatu ondoren.

Gertakarien berri izan ondoren, Gasteizko Instrukzioko 3 zenbakidun Epaitegiak, auziaren arduradunak, agiri judiziala luzatu zuen Ertzaintzak bi gizon horiek atxilotzeko, eta, Valentziako Erkidegoko Polizia Nazionalaren laguntzarekin, uztailaren 22an atxilotu zituzten. Ondoren, epailearen esku utzi zituzten eta honek espetxeratzeko agindua eman zuen.