Donostian atxilotu dute indarkeria erabiliz kate bat lapurtzeagatik

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo Donostian, oinezko bati bultza egin eta indarrez tira eginda urre koloreko kate bat kendu ondoren.

Atzo, osteguna, goizeko hamarrak aldera, Gipuzkoako hiriburuko Kontxa hondartza inguruko kale batean oinez zihoan gizon bati beste gizon bat hurbildu zitzaion atzetik, eta bultza egin ondoren lepoan zeraman urre koloreko katea kendu zion indarrez tira eginda.

Ertzaintzaren patruila bat berehala bertaratu zen biktima artatzeko eta gertatutakoari buruzko informazioa biltzeko.

Goiz erdian, bigarren polizia-dotazio batek hiriko beste leku batean aurkitu zuen biktimak emandako deskribapenarekin guztiz bat zetorren gizon bat, eta lepoan jantzita zeraman aurretik lapurtu zuen katea.

Horren aurrean, 28 urteko gizona indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten, eta, ondoren, polizia-egoitzara eraman zuten beharrezko eginbideak betetzera. Horiek amaitu ondoren, gaur jarri dute agintari judizialaren eskuetan.