Ertzaintzak auto baten gidaria atxilotu du gaur goizaldean, Arrigorriagan prebentziozko alkoholemia- eta droga-kontrol batetik ihes egin ondoren. Atxilotua agenteetako bati oldartu zaio ibilgailuarekin, eta abiadura handian ihes egin du oinezko bat arriskuan jarriz. Azkenean, ibilgailua udalerriko kaleetan geldiarazi dute patruilek.
Gaur goizaldeko ordu bat erdiak aldera gertatu da Ertzaintzak Arrigorriagan jarrita zuen prebentziozko alkohol- eta droga-kontrol batean. Kontrolera hurbildu den auto batek, polizia ikustean, noranzkoa aldatu du eta gidaria agenteetako bati oldartu zaio. Agenteak baztertu egin behar izan du harrapa ez zezan. Autoak abiadura handian ihes egin du Ertzaintzaren hainbat patruila atzetik zituela.
Ihesean, oinezko bat harrapatzeko zorian egon da, baina ibilgailua saihestu ahal izan du. Azkenean, patruilek autoa geldiaraztea lortu dute. Barruan zihoazen bost bidaiariak, bi gizon eta hiru emakume, ihes egiten saiatu dira, baina agenteek harrapatu egin dituzte.
Polizia-baliabideek bidariak identifikatu dituzte, eta gidaria atxilotu egin dute bide-segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta, bai eta errekisitoria judizial batengatik ere, hiru agindu judizial baitzituen indarrean.
Atxilotua, 42 urtekoa, Ertzaintzaren egoitzara eraman dute, eta datozen orduotan, dagozkion eginbideak amaitutakoan, jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.