560 motorzalek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako doako prestakuntza-saioetan

560 motorzalek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako doako prestakuntza-saioetan
  • Programak bi modalitate ditu: zirkuitu itxian eta zirkulaziorako bide irekietan
  • Helburua, motorzaleen trebetasunak eta abileziak hobetzea da; horrela, bide-ezbeharrak prebenitzeko errepidean zaurgarrienetako bat den kolektibo honetan

Guztira 560 pertsonak hartuko dute parte «MotoFormakzioa» motorzaleentzako prestakuntza-programan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak antolatu du programa hori, eta 125 cc-tik gorako motozikletak gidatzen dituzten pertsonei zuzendua dago, haien trebetasunak eta abileziak hobetzeko eta, horrela, bide-ezbeharrak prebenitzeko errepidean zaurgarrienetako bat den motor-gidarien kolektiboan.

Doako prestakuntza da, maila guztietara egokitua, eta iraileko eta urriko sei asteburutan emango da. Saio teoriko-praktikoak izango dira eta bi modalitate ezberdinetan eskainiko dira: zirkuitu itxian eta zirkulazioari irekitako bideetan.

Prestakuntza-saio parte hartu ahal izateko, hautagaiek honako baldintza hauek bete behar izan dituzte: A2 edo A gidabaimena indarrean izatea, administrazio-auzotasuna Euskadiko edozein udalerritan izatea, eta 125 cc-tik gorako zilindrada duen motozikleta izatea, egoera onean eta erabiltzeko legezko baldintza egokietan, ibilgailuaren nahitaezko asegurua eta IAT indarrean dituela.

Ekimen hau, Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2025erako Plan Estrategikoan jasota dagoen Eusko Jaurlaritzaren konpromisoari erantzunez antolatzen da. Horren arabera, formakuntzako, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak bultzatuko dira kolektibo zaurgarrien istripuak saihesteko.

Bi modalitate

ZIRKUITU ITXIAN:

Zirkuitu itxiko prestakuntza Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gidatze-pistetan egingo da, eta lehen saioa gaur bertan izango da 9:00etatik 13:00etara. Modalitate honek zortzi saio izango ditu, eta horietako bakoitzean 30 motor-gidarik parte hartuko dute (240 motor-gidari guztira). Saio bakoitzak lau orduko iraupena izango du.

Prestakuntza hau, beraz, gidatzeko trebetasunak praktikatzeko zirkuitu espezifikoak dituen esparru itxi batean egingo da. Hasierako klase teoriko baten ondoren, parte-hartzaileek oreka, balaztatzea, arintasuna edo geldirik egonda egiten diren maniobrak bezalako arloak entrenatuko dituzte.

ZIRKULAZIOARI IREKITAKO BIDEETAN:

Zirkulazioari irekietako bideetan burutuko den prestakuntza zortzi saiotan egingo da, hiru lurralde historikoetan banatuta. Saio bakoitzak bost txanda izango ditu, eta txanda bakoitzak motorzaleentzako zortzi plaza (guztira 320 motorzale). Modalitate honetako lehen saioa irailaren 20an izango da, larunbata, Araban.

Ertzaintzarekin lankidetzan, Trafiko Zuzendaritzak errepide irekietako hainbat ibilbide diseinatu ditu lurralde historiko bakoitzerako, motozaleentzako izan dezaketen prestakuntza-balioagatik aukeratuak. Hala, modalitate honetan hainbat alderdi jorratuko dira, hala nola errepideko arrisku-adierazleak irakurtzea, motozikletaren gaineko posizionamendua, errepideko posizionamendua, begirada, bihurguneen trazadura, abiadura kontrolatzea eta bidearen ezaugarrietara eta baldintzetara egokitzea, segurtasun-distantzia eta motozaleei haien eta besteen segurtasuna bermatuko duen prebentziozko gidatze bat egiten lagun diezaiekeen guztia.

Motozaleen ezbehar-tasa

Iaz, 2024an, 15 motozale hil ziren Euskadin zirkulazio-istripuz. Hau da, gure errepideetan hil ziren pertsonen %40 baino gehiago motozaleak izan ziren. Urte horretan bertan, 526 moto-istripu izan ziren, eta 447 pertsona zauritu ziren. Aurten, 2025eko lehen sei hilabeteetan, 5 motozale hil dira.

2024aren amaieran, Euskadin 163.790 motozikleta zeuden erregistratuta.