Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bitartez, bulego iraunkor bat jarriko du martxan Arabako Errioxan, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoretik gertuago egoteko, lankidetza indartzeko, aholkularitza iraunkorra eskaintzeko eta egungo testuinguruan sor daitezkeen beharrei erantzuna emateko.
Ekimen honen bidez, zerbitzu zuzena eta espezializatua eskaini nahi da honako alorretan: laguntza ekonomikoak, prestakuntza, merkatuei, esportazioei eta azokei buruzko informazioa, eta misio eta ekintza komertzialen antolaketa. Asmoa da laguntza hurbil eta baliagarria ematea, sektorea garatzen eta merkatu berriak bilatzen laguntzeko.
Bulegoa Guardian egongo da, Arabako Errioxako Kuadrillaren egoitzan, eta astean hiru egunetan egongo da irekita: astelehen, asteazken eta ostiraletan, 9:00etatik 14:00etara. Behin-behineko kokapena da; izan ere, etorkizunean, zerbitzua Guardiako EDA Drinks & Wine Center eraikinean integratuko da, ardoaren eta edarien inguruko ekosistema indartzeko.
Zerbitzu berri horrek garrantzi berezia du, Estatu Batuen muga-zergek eta beste ziurgabetasun-faktore batzuek bide, merkatu berriak aztertzera behartzen baitute sektorea, lehiakortasunari eutsi eta handitzeko.
Horretarako, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak irailaren 24rako egingo du industria defendatzeko taldearen mahastizaintza eta ardogintzaren talde sektorialaren deialdia, AEBen eta EBren artean lortutako muga-zergen akordioak duen eragina aztertzeko; izan ere, horren arabera, % 15eko muga-zerga gehigarria adostu da. Kalkuluen arabera, AEBra egindako esportazioetan 7-10 milioi euro inguru galduko dira salmentetan (gaur egungo salmenten % 22-25 artean).
Mahai horrek, halaber, egoera berri horren aurrean enpresek dituzten behar espezifikoen jarraipena egingo du, eta erantzun publiko-pribatua eta abian jarri beharreko proiektu eta ekimenak koordinatuko ditu.
Araba, Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren motorra
Arabako lurraldean dago EAEko ardogintza-sektorearen gune nagusia: 2024/2025 kanpainan, 365 upategi erregistratu ziren; 2018/2019an, berriz, 351. Lurraldean 13.800 hektareatik gora mahasti daude; 12.696 ha ardo beltz, 1.043 ha ardo zuri eta 102 ha txakolin.
Arabako Errioxako egitura produktiboak familia-ustiategi txikien eredua du ezaugarri: ustiategien erdiek baino gehiagok 10 hektarea baino gutxiago dituzte. Horrek eskala txiki eta ertaineko mahastizaintza-eredua adierazten du,. Ustiategi handiak (>40 ha) oso urriak dira (30 guztira), eta horrek azpimarratzen du Arabako Errioxaren ezaugarria ez direla latifundioak, baizik eta lursailen atomizazioa.
Arabako Errioxan, ustiategi bakoitzeko batez besteko azalera 10,49 ha da.
Bestalde, mahastizaintza ekologikoak indarra hartu du Euskadin azken urteotan, jasangarritasunari eta ingurumenarekiko errespetuari buruzko Europako joeren ildotik. Hala ere, Euskadiko mahasti guztien azalera oraindik ere txikia da.
Euskadin, ekoizpen-eredu hori lau Jatorri Deituretan aurki daiteke (Arabako Errioxa, Bizkaiko Txakolina, Getariako Txakolina eta Arabako Txakolina), baina indar desberdinekin. Arabar Errioxan dago ziurtatutako hektarea gehien (1.950 Ha), bertako ardoak nazioartean proiektatu eta balio erantsiko merkatuetara bideratzen direlako.
Ardoaren ekoizpena eta merkatuak Arabako Errioxan
Azken urteotan, Arabako Errioxako ardoaren ekoizpenak (DOCa Rioja eta Txakolina) goranzko joera du 2019/2020 kanpainaz geroztik, 2024/2025 kanpainan izan ezik; urte horretan mahatsaren ekoizpena oso txikia izan zen klimagatik, eta horrek ardoaren ekoizpena murritzarazi zuen. Ardo beltzak ez bezala, ardo zuriak etengabeko susperraldia izan zuen ondoz ondoko lau kanpainatan, azken mahats-bilketak hazkunde-lerro hori hautsi zuen arte.
Izakinei dagokienez, azken kanpainan ardo zuriaren stocka pixka bat igo da batez bestekoarekin alderatuta, eta aurreko kanpainaren maila bertsuan mantendu da. Igoera horren arrazoia da, ekoizpena jaitsi egin zen arren, salmentek gora egin zutela eta upategian ardo gehiago sartu zela. Ardo beltzaren kasuan, stocka nabarmen jaitsi zen aurreko urteekin alderatuta, mahats gutxiago ekoitzi zelako eta administrazioek eskaintza eta eskaria doitzeko aparteko neurriak hartu zituztelako.
Barne-salmentek bilakaera desberdina dute: Arabako ardo zuriak goranzko joerari eutsi dio azken urteetan; ardo beltza, berriz, zertxobait jaitsi da batez besteko historikoarekin alderatuta.
Nazioartean, ardo zurien zein beltzen Europar Batasunerako esportazioek behera egin dute 2018–2022 aldiko batez bestekoarekin alderatuta, nahiz eta azken hiru urteetako joera berari jarraitu.
Bestalde, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak kalitatezko figura berriak gehitu ditu azken urteotan, ardoen berezitasuna indartzeko. Esparru horretan, Arabako Errioxak funtzio nabarmena izan du, mahastizaintzako tradizioari, paisaien berezitasunari eta proiektu berritzaileen aldeko apustuari esker. Eskualdeko ardoek Arabako Errioxarekin identifikatzeko aukera ematen dute; altitudeagatik, kareharrizko lurzoruengatik eta merkatuetan asko baloratzen den berezko estiloagatik ezaguna da.
2022tik 2025era, jatorri-deitura duten Arabako ardo zurien esportazioek dibertsifikazio nabarmena erakusten dute: Erresuma Batua (% 20,9), Estatu Batuak (% 11,0), Alemania, Herbehereak, Belgika eta Suedia (% 6-8 bakoitzak) eta Suitza (% 4,6). Sakabanatze horrek berresten du Europako merkatu finkatuak eta Atlantikoaz bestaldeko presentzia konbinatzen direla.
Arabako Errioxako ardo beltzen eta gorrien kasuan, Erresuma Batua da esportazioen liderra (% 17,6); ondoren datoz Estatu Batuak (% 13,9) eta Suitza (% 12,3). Alemaniak, Kanadak eta Suediak % 9,1 eta % 4,3 arteko ekarpena egiten dute, eta Irlandak eta Belgikak % 4 bakoitzak. Gainerako % 29,1a beste herrialde batzuen artean banatzen da, eta horrek agerian uzten du Arabako Errioxak dibertsifikazio nabarmena izan duela eta azken urteetan izan duen posizionamendu globala sendotu egin dela.
Hala ere, Euskal Administrazioa buru-belarri ari da lanean upeltegiekin merkatu berriak aurkitzeko, eta, hasteko, Japonian, Mexikon eta Kanadan jarri du arreta.