Datorren urriaren 15ean inauguratuko da IBM-Basque Country ordenagailu kuantikoa

Datorren urriaren 15ean inauguratuko da IBM-Basque Country ordenagailu kuantikoa
  • Imanol Pradales lehendakaria Europako ordenagailu kuantiko aurreratuenaren inaugurazio-ekitaldiko buru izango da.

  • Ekitaldia Donostian egingo da, IBM Quantum System Two instalatu den Ikerbasqueren eraikin berrian.

  • Era berean, Kuantikaren Urtea dela eta, publiko guztiarentzako jaialdia antolatu da urriaren 17an eta 18an.

Datorren urriaren 15ean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Imanol Pradales Lehendakaria buru dela, IBM-Basque Country, Europako ordenagailu kuantikorik aurreratuena inauguratuko du, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak Miramar Jauregian egin den «Quantum Computing» udako ikastaroaren amaieran iragarri duenez.  Inaugurazio ekitaldia Donostian izango da, Ikerbasque eraikin berrian, IBM Quantum System Two-ren egoitzan, eta erakundeetako ordezkariak, IBMko kideak, Basque Quantumeko partaideak eta euskal gizarte eta enpresa-sareko kideak izango dira bertan.

Sailburuaren hitzetan, «inaugurazio honekin euskal sistema zientifiko-teknologikoa eta bere enpresa-sarea indartuko dituen azpiegitura teknologiko bat jarriko da martxan. Hainbat arlotan ezagutza sortzea sustatuko du, enpresa-aukera berriak irekiko ditu eta kualifikazio handiko pertsonak erakarriko ditu”.

IBM-Basque Country IBMren ordenagailu kuantiko aurreratuenen munduko sarean sartzen da. Gaur egun, bi instalazio gehiago baino ez ditu, Japonian eta Estatu Batuetan kokatuak. Horrek Euskadi maila globaleko konputazio kuantikoaren abangoardian jartzen du.

Jakinaldia, kuantika festibala

Era berean, sailburuak iragarri du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, ezagutzaren zabalkunde sozialarekin duen konpromisoari jarraiki eta Kuantikaren Urtea dela eta, Jakinaldia jaialdia antolatu duela urriaren 17an eta 18an Musikenen. Saioak, Pérez Iglesiasen arabera, «kuantikaren mundua herritarrei hurbildu nahi die», dibulgazio zientifikoa eta kultura- eta entretenimendu-proposamenak uztartuko ditu, umorezko bakarrizketak, magia-, musika- eta antzerki-ikuskizunak barne, publiko guztientzat pentsatutako beste jarduera batzuen artean.