Donostian atxilotu dute indarra erabiliz lapurreta egiteagatik eta dokumentua faltsutzeagatik

Ertzainek 42 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehenean Gipuzkoako hiriburuan, indarra erabiliz lapurreta egitea eta dokumentua faltsutzea leporatuta, bere argazkia zeraman baina hirugarren pertsona baten izenean zegoen agiri faltsu bat baitzuen, eta horrekin hainbat hilabete lehenago lapurtutako bitxi batzuk saltzera zihoan.

Joan den astelehen arratsaldeko zazpiak aldera, Donostiako Ertzain-etxeko agenteak ondarearen aurkako delituen prebentzio-kontrol bat egiten ari ziren hiriko erdigunean. Bertatik igarotzen ari ziren bi gizonek ertzainekiko jarrera iheskorra erakutsi zuten, eta agenteek identifikatu egin zituzten, beraz.

Bi pertsona horiek miatu zituztenean, hasiera batean erakutsi zuten dokumentazioaz gainera, bati bere argazkia zeraman baina lehenengo dokumentuan agertzen ez zen beste izen bat zuen Frantziako nortasun-agiri bat aurkitu zioten, bai eta irudi ezberdinak inprimatuta zituzten hogeita hamar zintzilikario ere.

Gizonak aitortu zuen salerosketa-establezimendu batera zihoala bitxi horiek saltzera, eta transakzio hori egiteko zeramala agiri faltsua. Egitate horiengatik, gizona atxilotu zuten dokumentuak faltsutzea leporatuta, eta saltzera zihoan bitxiak kendu zizkioten.

Agenteek berehala hasi zuten bitxi horien jatorria argitzeko ikerketa, eta egiaztatu zuten 2024an lapurtu zituztela Oviedon, bitxi-denda bateko langile baten ibilgailutik. Hori dela eta, indarra erabiliz lapurreta egiteagatik ere atxilotu zuten.

Atxilotua, polizia-aurrekariak dituen 42 urteko gizona, Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten dagozkion eginbideak irekitzeko, eta atzo jarri zuten agintari judizialaren eskuetan.

Jaitsi erantsitako dokumentua