Ertzainek hiru gizon atxilotu dituzte Bizkaiko hiriburuan osasun publikoaren aurkako delituak leporatuta, banako dosietan saltzeko prestatuta zituzten substantzia sorgorgarriak konfiskatu ondoren. Gainera, bi arma zuri eta makila luzagarri bat ere konfiskatu dituzte, eta beste zortzi pertsona proposatu dituzte zehapen administratiboa jartzeko drogak edukitzeagatik.
Esku-hartze horiek Ertzaintzak, kalean, kasu honetan Bilbon, Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira. Horrela, lehenengo gizona atzo, osteguna, arratsaldeko bostak aldera atxilotu zuten San Frantzisko auzoan. Agenteak konturatu ziren pertsona batek, polizia ikustean, labana bat bota zuela lurrera eta, ondoren, poltsatxo bat utzi zuela eserleku baten azpian. Poltsa jaso zutenean, egiaztatu ahal izan zuten barruan hauts zuri bat, ustez anfetamina sulfatoa edo speeda, zuten hamalau poltsatxo zeudela. Ebidentzia horien aurrean, atxilotu egin zuten osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Atxilotua 35 urteko gizona da, Saharaz hegoaldeko Afrikakoa.
Atzo gaueko bederatzi eta erdietan, kasu honetan ere San Frantzisko auzoan, beste bi pertsona atzeman zituzten ustez substantzia sorgorgarriekin trafikatzen ari zirenean. Polizia-dotazioak substantzia zuri bat, antza denez kokaina, zuten hogei bat poltsatxo zituen bilgarri bat aurkitu zuen bi susmagarriengandik hurbil aparkatuta zegoen ibilgailu baten ihes-hodian ezkutatuta. Ebidentzia horrekin, eta magrebtar jatorriko bi gizonak, 28 eta 41 urtekoak, identifikatu ondoren, osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zituzten.
50 pertsona baino gehiago identifikatuta eta substantzia sorgorgarriak konfiskatuta
Atzo arratsaldeko zazpiak laurden gutxi aldera, Gorte kalearen inguruan eta arma zuriak eramatearen eta droga-trafikoaren eta -kontsumoaren aurkako planaren barruan, 18 pertsona identifikatu zituzten. Horietako biri eginbideak ireki zizkieten, ikertu gisa, errezibitze-delituagatik, lapurtutako bi telefono mugikor aurkitu baitzizkieten.
Bestalde, gaur, ostirala, goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera, 37 pertsona identifikatu dituzte Abando auzoko aisialdiko lokal baten inguruan. Horietako biri arma zuri bat eta makila luzagarri bat konfiskatu dizkiete, eta beste zortzik droga zeramaten. Arrazoi horiengatik, zehapen administratiborako aktak ireki dizkiete Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen aurkako arau-hausteengatik.