Osalanek web-aplikazio berria aurkeztu du, Laneko Segurtasuna eta Osasuna herritar guztiei hurbilduko diena

Osalanek web-aplikazio berria aurkeztu du, Laneko Segurtasuna eta Osasuna herritar guztiei hurbilduko diena
  • Aplikazioak laguntzaile birtual bat du, laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako zalantzak berehala argitzeko aukera ematen duena, eta «alerta-sistema», erabiltzaileei jakinaraziko diena lan-ingurunean izan daitezkeen baldintza kaltegarriei buruz, abisu pertsonalizatuak eta prebentiboak jasotzeko, arrisku horiek murrizteko gomendio zehatzekin.
  • Egutegiaren 43. astean urtero ospatzen den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Astea dela eta, Osalanek bere app berria jarri du martxan, «Segurtasuna eta Osasuna Lanean pertsona guztientzat» lelopean.

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscarrek «Lan seguruak eta osasungarriak aro digitalean» sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu dute ostiral honetan. Ekintza hori osatzeko, Osalan.app aplikazioa jarri da abian, Laneko Segurtasuna eta Osasuna herritar guztiei hurbiltzeko, eta bat dator Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak 2023an hasi eta 2025ean amaituko duen kanpainarekin.

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak azpimarratu du «Osalanek beste urrats bat ematen du prebentzioaren eraldaketa digitalean», eta, horretarako, «lan-modu berriek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatuko dira lan-inguruneetan osasuna, ongizatea eta segurtasuna hobetzen lagunduko duten prebentzio-mezuak zabaltzeko».

Bestalde, Lourdes Íscar Reina Osalaneko zuzendari nagusiak hiru jarduera-ildo zehatz eta osagarri zehaztu ditu lan-ingurune seguruago, osasungarriago, jasangarriago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko:

  • Prebentzio-fitxak, arrisku motaren arabera: dokumentu espezifikoak, enpresek eta langileek jada praktikan jar ditzaketen funtsezko gomendioekin.
  • Sentsibilizaziorako hileroko aholkuak: arrisku edo prebentzio-praktika bati buruz sentsibilizatzeko hileroko mezuak.
  • Bideo laburrak (pilulak: prestakuntza/osasunaren sustapena): ikus-entzunezko material zehatzak, ulerterrazak eta banatzeko errazak, prebentzioko jardunbide egokiak modu bisualean azaltzeko.

Osalaneko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, «gaur beste urrats bat eman dugu eta garatu dugun web-aplikazio berria aurkeztuko dugu: Osalan.app. Aplikazio honi esker, pertsona guztiek laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako gaiei buruzko informazioa izango dute, azkar eta eraginkortasunez».

Aplikazioak adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile birtual bat du, laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako zalantza ohikoenak berehala argitzeko. «Alerta-sistema» bat ere sartu da, eta jakinarazpenen bidez, lan-ingurunean izan daitezkeen baldintza kaltegarrien berri emango die erabiltzaileei. Kasu horietan, abisu pertsonalizatuak eta prebentiboak jasoko dituzte, arrisku horiek murrizteko gomendio zehatzekin. Hileroko aholkuek ere presentzia izango dute app honetan, erraz aplika daitezkeen edukiekin. Aplikazioan, gainera, Osalanen azken nobedadeak, albisteak eta jarduerak kontsultatu ahal izango dira, bai eta funtzionalitate berrietara pixkanaka sartu ere.

Osalan.app ezagutarazteko kanpainak, bideoak, audioak eta irudiak biltzen dituena, euskarri ugaritan zabalduko da, hala nola Interneten, kanpoko publizitatean, ohiko hedabideetan, digitaletan eta sare sozialetan, eta mikrosite espezifiko bat izango du, kanpainaren informazio- eta prestakuntza-iturri nagusia izango dena.

Ekimen horren bidez, Osalanek berretsi egiten du prebentzio moderno, inklusibo eta oraingo erronketara egokitutakoaren aldeko konpromisoa, teknologia lan-osasunaren zerbitzura jarriz. Web aplikazio berriak eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Astearen esparruan aurkeztutako ekintza osagarriek prebentzioa herritar guztiei hurbiltzeko helburua indartzen dute, pertsona guztientzako lan-ingurune seguruagoak, osasungarriagoak eta iraunkorragoak sustatuz.

Prebentzio konektatu eta kontzientea

Pérez Barredok gogora ekarri ditu prebentzio konektatu eta kontziente baterako trantsizio honetan Osalanen bidea markatu duten duela gutxiko bi ekimen: 2024ko Digitalan kanpaina, laneko «osasun digitala» ebaluatzeko diseinatutako kalkulagailu digitalarekin, eta aurtengo apirileko kanpaina, «Laneko segurtasuna eta osasuna ere eguneratuko ditugu?» lelopean, aurrerapen digitala prebentzioarekiko konpromiso berrituaren eskutik egitea proposatzen zuena. Laneko sailburuordeak nabarmendu duenez, «aro digitalak tresna ahaltsuak eskaintzen dizkigu, eta unea da tresna horiek prebentzioaren zerbitzura jartzeko».

Aro digital honek planteatzen dituen aldaketak gorabehera, «erabat kontziente gara lan-istripu eta lanbide-gaixotasun ohikoenak — altuerako erorikoak, makineriarekin harrapatzeak eta muskulu-eskeletoen arazoak, esaterako — berdin errepikatzen direla duela urte batzuetatik hona» gogoratu du Pérez Barredok.