Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo, igandea, goizaldean Gasteizen lesio-delitu bat leporatuta, borrokan ari zirenean beste bati eraso egin eta lesio larriak eragin ondoren.
Atzo goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten Arabako hiriburuko Iparraldeko Parkean borrokan ari zirela. Inguruan zaintza-lanetan ari zen herritarren babeseko dotazio bat hurbildu zen adierazitako lekura, eta gazte bat lurrean etzanda eta hainbat lesiorekin aurkitu zuen.
Aldi berean, agenteek ikusi ahal izan zuten, polizia ikustean beste pertsona bat lekutik presaka alde egin nahian ari zela, eta atzetik jarraitu eta inguruan atzeman zuten.
Zauritua ospitalera eraman behar izan zuten zauriak sendatzera, eta identifikatu zuten pertsonak eragin zizkiola egiaztatu ondoren, lesio-delitua leporatuta atxilotu zuten. Egiaztatu ahal izan zutenez, erasotzaileak ere kolperen bat edo beste zuen, borrokan ari zirenean aurkariak eragindakoak, eta, hori dela eta, azken horri eginbideak ireki zizkioten ikertu gisa.
Atxilotua, biktima bezala jatorri magrebtarrekoa, ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko izapideak egin eta, ondoren, epailearen eskuetan jartzeko.
Indarkeria erabiliz egindako lapurretaren egilea atxilotu dute
Bestalde, joan den ostiral goizaldean jatorri magrebtarra duen 21 urteko gazte bat atxilotu zuten Gasteizen, kalean herritar bati, indarkeria erabiliz, telefono mugikorra, betaurrekoak eta dirua lapurtu ondoren.
Lapurreta goizaldeko 4ak aldera gertatu zen. Gazte bat biktimari hurbildu zitzaion kalean, eta bultza egin ondoren zangotraba egin zion lurrera erorarazteko. Lurrean zegoenean, erasotzaileak bere gauzak kendu zizkion. Aurretik biak elkarren aurka indarka aritu ziren, eta erasotzaileak hainbat urradura eragin zizkion biktimari, eta hark, helburua lortu ondoren, ihes egin zuen.
Gertatutakoaren berri izan ondoren, patruila bat berehala bertaratu zen, eta susmagarria karrerape batean ezkutatuta aurkitu zuen. Salatzaileari lapurtutako gauzak aurkitu zizkiotenez, atxilotu egin zuten.