Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.266 milioiko aurrekontua aurkeztu du

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 1.266 milioiko aurrekontua aurkeztu du
  • % 3,3 hazi dira sailaren diru kontuak aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta lau aldiz biderkatu ditu enpleguko eta tokiko garapeneko planak egiteko udalei eta aldundiei ematen zaizkien laguntzak
  • Eusko Jaurlaritzak “herritar guztientzako eskubideak eta aukerak zabaltzeko borondatea” duela azpimarratu du Torres Lehendakariordeak, “inor atzean utziko ez duen hazkundearen ekonomiaren alde eginez”
  • Lanbidek 500 milioi euro baino gehiago kudeatuko ditu enplegu politika aktiboak indartzeko; hala nola, prestakuntzarako, kontratazioa sustatzeko eta kolektibo ahulenei laguntzeko

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gaur, astelehena, aurkeztu du 2026rako aurrekontu proiektua, 1.266,2 milioi eurokoa, hau da, aurreko ekitaldian baino % 3,3 gehiago. Igoera horri esker, indartu egingo ditu Eusko Legebiltzarrarekin hartutako konpromisoak, eta aurrera egingo du justizia sozialaren defentsan, desberdintasunen murrizketan eta aberastasunaren birbanaketan, epe luzerako eta legealdiko begirada batekin.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, “aurrekontu hauek Eusko Jaurlaritzaren arrasto aurrerakoia islatzen dute, baita herritar guztientzako eskubideak eta aukerak zabaltzeko dugun borondatea ere. Inor atzean uzten ez duen eta pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen dituen hazkundearen ekonomiaren aldeko apustua egiten dugu”.

Enpleguko, prestakuntzako, inklusioko, kontratazioaren sustapeneko eta enpresentzako zerbitzuetako politika aktiboak indartzea da aurrekontuaren ardatz nagusietako bat, Lanbideren bidez, zeinak 516 milioi euro kudeatuko dituen programa horietan. Gainera, 688 milioi euro bideratuko dira Diru sarrerak Bermatzeko Errentara (DSBE), Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrerara (GGI) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarrira (EGPO), eta, horrela, gizarte babesa eta inklusioa sendotuko dira.

“Enplegu politika aktiboen elementu nagusi bihurtu da Lanbide, eta arreta berezia eskaintzen die gazteei, emakumeei, adinekoei eta zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboei. Inklusiorako Euskal Sistemaren egituraketan aurrera egin nahi dugu, eta eskatzaile guztiei enplegurako eta inklusiorako plan pertsonalizatuak egiteko eskubide subjektiboa bermatu”, azpimarratu du Torresek.

2026ko aurrekontuak igoera handia aurreikusten du enpleguko eta tokiko garapeneko planak egiteko udalei emango zaizkien dirulaguntzen partidan, 2025ean 1,2 milioi eurokoa izatetik 2026an 5,4 milioi eurokoa izatera igaro baita, 10.000 biztanletik gorako udalerrietara hedatuz. Neurri horri esker, enpleguaren tokiko dimentsioa indartuko da, eta sustatuko da eragile eta erakundeek Enpleguari buruzko 15/2023 Legearen garapenean parte har dezaten.

“Udalak protagonista izatea nahi dugu lan aukerak sortzean eta udalerrien garapen ekonomikoan. Tokiko erakundeekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da enplegu politikak lurralde bakoitzaren errealitate eta beharretara egokitzeko”, azaldu du sailburuak.

Sailak indartu egingo du lan merkatuan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrarekin duen konpromisoa, eta partida espezifikoak bideratuko ditu emakumeen ekintzailetza sustatzeko, soldata arrakalaren aurkako borrokarako, genero ikuspegia lan arriskuen prebentzioan txertatzeko eta berdintasunari buruzko formakuntzak antolatzeko gizarte eragileentzat eta berdintasun batzordeentzat.

Era berean, enpleguaren kalitate indize bat eta Euskadiko aldi baterako ezintasunari buruzko azterlan bat egitea aurreikusten da, lan baldintzak hobetzeko eta enplegu seguruagoa eta osasungarriagoa lortzeko.

“Enpleguaren kalitatea eta aukera berdintasuna dira gure ekintzaren funtsezko zutabeak. Pertsonen kudeaketan berrikuntza, ekonomia sozialari laguntza eta zainketen sektoreko artikulazio ekonomiko eta profesionalaren aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du Mikel Torresek.

Gizarte Ekonomiako Sailarteko II. Planerako baliabideak, ASETT – Arizmendiarrieta Soziala eta Economy Think Tank bezalako berrikuntza proiektuak, digitalizazioaren bidez kudeaketa publikoa modernizatzea, politikak ebaluatzea eta eragile sozial eta ekonomikoekiko lankidetza ere aurrekontuaren barne daude.

“Aurrekontu horiek euskal ekonomia eraldatzeko, gizarte eta enpresa ehuna indartzeko eta Euskadirentzat etorkizun bidezkoagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa bermatzeko tresna dira”, amaitu du Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak.