Arabako zenbait lekutan, mende honetako urririk lehorrena izan da
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, urria oso lehorra izan zen, EAE osoan % 50etik beherako metatuekin, eta Arabako leku askotan % 30etik beherakoak izan ziren. Tenperaturari dagokionez, batez besteko tenperatura 1991-2020 aldiko ohiko batezbestekoa baino 1.2 ºC altuagoa izan zen. Mende honetako bederatzigarren urririk beroena izan zen; lehen postuetan 2022koa eta 2023koa daude.
Euskalmeten arabera, batez besteko tenperatura epela izan zen, 17 ºC ingurukoa kostaldean eta 13 ºC ingurukoa Arabako Lautadan. Eguneko tenperaturen bilakaera begiratuz, hilabetea egun hotzak eta beroak txandakatuz hasi zela ikusi daiteke eta halaxe amaitu zela, eta tartean egun beroen sekuentzia luzea eman zen, kasu batzuetan anomalia deigarriekin, 6 eta 8 ºC ingurukoak hilaren 21ean eta 22an.
Hilaren 24ra arte ez zuen izotzik egin, baina egun horretako goizaldean termometroak 0 ºC-tik behera jaitsi ziren Arabako zenbait lekutan (Pagoeta -2 ºC, Navarrete -1.4 ºC, Iturrieta -1.3 ºC, Subijana -0.6 ºC eta Agurain -0.3 ºC). Hilaren 27ko eta 28ko goizaldeetan ere izotza egin zuen, baina kasu horretan Arabako Mendialdean bakarrik.
Urriaren 30eko eguerditik azaroaren 1eko goizaldera bitartean, tenperaturak 20 ºC inguruan ibili ziren kostaldean, eta herri batzuetan, batez ere Bizkaiko kostaldean, bi gauak tropikalak izan ziren.
Tenperatura maximo absolutuak Kantauri isurialdeko estazio askotan erregistratu ziren (Jarralta 30.5 ºC, Gardea 29.9 ºC, Sodupe-Cadagua 29.4 ºC, Igorre 29.3 ºC eta Areta 29 ºC). Era berean, Mediterranio isurialdean eta barnealdeko beste zenbait lekutan, maximo absolutuak hilaren 7an izan ziren batez ere (Salvatierra 29 ºC, Espejo 28.7 ºC, Arrasate 28.4 ºC, Urkizu 28.3 ºC eta Páganos 28.3 ºC).
Tenperatura horiekin batera izandako intsolazioa ere normala dena baino askoz handiagoa izan zen, % 30-50 eguzki-ordu gehiagorekin. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 190 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 186 eta Gasteizek 207.
Prezipitazioei dagokienez, baliorik altuenak Gipuzkoako ipar-ekialdean neurtu ziren, itsasertza barne, eta estazio bakarrean gainditu ziren 100 l/m²-ak (Eskas 122, Añarbe 85.3, Miramon 83.3, Ereñozu 79.8, Oiartzun 72.4 eta Inurritza 70.4).
Metatau baxuenak Araba hegoaldean izan ziren, ez baitziren 10 l/m²-ra ere iritsi (Moreda 6.7, Tobillas 7.1, Páganos 8.5, Zambrana 8.6 eta Espejo 9.4). Hiriburuei dagokienez, Donostian eta Bilbon 8 egunetan egin zuen euria eta Gasteizen 5 egunetan bakarrik.
Bestalde, aipatzekoa da hilaren 23a izan zela urriko egunik haizetsuena, “Benjamin” depresioaren eraginez. Egun horretan bolada bortitza batzuk neurtu ziren, eta aipagarriena Matxitxakon neurtutakoa izan zen (147.5 km/h). Haizeguneak ez diren lekuetan, aldiz, ez ziren 100 km/h gainditu, nahiz eta puntu jakin batzuk erregistro horretatik gertu egon (Mungia, 97 km/h).
Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak urrian alerta laranja bat aktibatu zuen nabigaziorako olatuen altueragatik, eta 4 abisu hori (2 haizeagatik haizeguneetan, 1 olatuengatik nabigaziorako eta 1 ur-proiekzio eta -zipriztinengatik).
