Portugaleten herritar batek jasandako ustezko estortsioaren inguruan Ertzaintzak egindako ikerketaren ondorioz, 28 eta 27 bi gizon atxilotu dituzte eta 29 urteko beste bati, ikertu gisa, eginbideak ireki dizkiote. Hainbat hilabetetan egindako mehatxuen eta hertsapenen ondorioz, biktimak 40.000 eurotik gora ematea lortu zuten.
Urriaren 22an, Muskizeko Ertzain-etxean herritar baten salaketa jaso zuten. Adierazi zuenez, pertsona batzuk estortsio egiten ari zitzaizkion joan den abuztutik. Antza denez, data horretan Portugaleteko taberna batean izandako ustezko istilu baten ondorioz, gazte batzuek, iruzurren bidez, biktima amarru faltsu batean sartzea lortu zuten, eta, mehatxuen eta koakzioen bidez, diru-kopuru esanguratsuak ematera behartu zuten.
Ikerketaz arduratu ziren agenteek jakin ahal izan zutenez, abuztutik urrira bitartean salatzaileak, Bizum eta bankuko transferentzien bidez 40.000 eurotik gora eman zizkien ustezko delitugileei hainbat alditan, eta etsipenezko egoerara iritsi zen, ezin izan baitzuen haien eskakizunei erantzuten jarraitu.
Egitateen berri izan ondoren Ertzaintzak abian jarritako ikerketari esker, ustezko estortsiogileen identitatea egiaztatu ahal izan zuten, eta beharrezko frogaketak egin ondoren, azken orduotan horietako bi, 27 eta 28 urtekoak, atxilotu dituzte eta inplikatuetako beste bati, 29 urtekoari, eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, egitate berberengatik.
Batez ere jabetzaren aurkako delituetan inplikatuta egoteagatik polizia-aurrekari ugari dituzten hiru gazteak, espainiar nazionalitatekoak, agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte polizia-egoitzan beharrezko eginbideak amaitu ondoren.