Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak irakasleek euskararen eta euskal kulturaren transmisioan duten paperari buruzko gogoeta foro partehartzailea zabaldu du. Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak elkarrekin antolatu duten jardunaldia Gasteizko Europa Jauregian egin dute. “Zer esan nahi du irakasle izateak Euskal Hezkuntza Sisteman?” izenburupean hezkuntza sistemaren erronkei modu bateratuan nola heldu hausnartzeko. “Ikaslearenganaino iristen den motor garrantzitsuena da irakaslea” adierazi du, zentzu honetan, Pedrosak.
Jardunaldian, sailburuak hizkuntza-lidergoaren eta pertsonen kudeaketaren arteko harreman estua azpimarratu du: “hizkuntza-lidergoaz hitz egitea pertsonen kudeaketaz eta balio jakin batzuen transmisioaz hitz egitea da”. Pedrosak irakasle eta zuzendaritza-talde eredugarrien eguneroko lana nabarmendu du, zeinek, beren konpromisoaren eta ekintzaren bidez, hezkuntza-sistema eraldatzen laguntzen duten. Euskara eta euskal kulturaren transmisioan eragiten duten irakasleak eta ikastetxeen lidergotza duten zuzendaritzak prestatzea eta bidelaguntza eskaintzea” ezinbestekoa dela uste du Pedrosak ikastetxe bakoitzaren ibilia sendotzeko.
Era berean, “programa berritzaile berrien aurrerapena aitortu du behar berriak sortu direlako, hala nola, kulturarteko hezkuntza, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa, edo ahozko hizkuntza eta ezagutza praktika soziolinguistikoak bultzatzea…».
Sailburuak azpimarratu du “aniztasunak aberastu egiten duela hezkuntza arloa, aukera eta motibazio berriak irekiz euskararen atxikimenduan. Aniztasun horrek motibazio ezberdinetatik ekiteko aukerak zabaltzen dituela adierazi du Pedrosak: “dibertsitateak ekarpen berriak egiten dizkio eremu honi ere”.
Eusko Ikaskuntzako proiektuen arduradun Beatriz Akizu, Pedrosa sailburuarekin batera izan da Jardunaldien harreran. Gogoetari ekiteko, EHU eta HUHEZIko (Mondragon Unibertsitatea) ordezkaritzak elkarrekin osatutako marko teorikoa aurkeztu dute; ondoren, ikastoletako eta herri ikastetxeetako zuzendari zein irakasleen esperientzia pertsonalak partekatuz luzatu da gogoeta, eta osteko talde dinamiketan, berriz, jardunaldiko partaide guztien ahotsarekin borobildu da aurtengo jardunaldia.
