AMUA jaialdia, kulturaren epizentro: zinema, musika eta sormenak hartuko dute Hondarribia

AMUA jaialdia, kulturaren epizentro: zinema, musika eta sormenak hartuko dute Hondarribia

Azaroaren 13tik 15era bitartean, Hondarribia kulturaz beteko da AMUA jaialdiaren edizio berri batekin. Bosgarren urtez, hiru eguneko egitarau zabalak hiria kulturaz beteko du: film laburren proiekzioak, gorabidean dauden zein ibilbide sendoa duten taldeen kontzertuak, ikastolei zuzendutako jarduera pedagogikoak eta sormenaren intimitatea ardatz duten musika-proposamen bereziak eskainiko dira.

Azaroaren 13ko inaugurazio ekitaldia film laburren lehen saioarekin hasiko da. Aurten galegoz, euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz jasotako berrogei lanen artean aukeratutako hamar pieza proiektatuko dira. Aukera paregabea izango da lurralde ezberdinetako lanak ikusteko, guztiak jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin. Arratsalde berean, AMUAk El Sótano de Radio 3 irrati-programaren hirugarren bisita jasoko du; oraingoan, Bloody Maryko Juncar García elkarrizketatzera etorriko dira, kolektiboak 35 urte betetzen dituela ospatzeko. Eguna biribiltzeko, oholtzara igoko da The Excitements, nazioarteko ibilbide sendoa duen soul eta rhythm & blues talde bartzelonarra.

Azaroaren 14an, ostiralean, jaialdiak goizean bertan hartuko du abiada AMUA Txikirekin, Hondarribiko ikastolentzat bereziki sortutako kontzertu pedagogikoarekin. EZeZeZ taldeak rock talde baten eguneroko lana azalduko die 12 eta 13 urteko ikasleei: entsegu-dinamika, talde-kohesioa, eragin musikalak eta sormenaren rola izango dituzte mintzagai. Arratsaldean film laburren bigarren saioa eskainiko da, epaimahaiaren eta publikoaren sarietarako finalisten lanekin. Iluntzean, berriz, Itsas Etxea astinduko du EZeZeZ taldearen kontzertuak; gaur egungo euskal eszenako proposamen indartsuenetako bat da, punkaren, grungearen, rockaren eta poesia-ukitu berezien nahasketarekin.

Azaroaren 15ean, larunbata, jardueraz betetako eguna izango da, egun osoan zabalik egongo den ohiko binilo-azokarekin. Eguerdian Queen: Live in Wembley proiektatuko da, rockaren historiako kontzertu esanguratsuenetako bat, Bohemian Rhapsodyren argitalpenaren 50. urteurrena dela eta. Arratsaldean iritsiko da jaialdiaren unerik esperatuenetako bat: EITBko Bideoklip Lehiaketako bideoklip finalisten proiekzioa eta ondorengo sari banaketa. Aurten hogei pieza jaso dira, eta horietatik bederatzi finalista izendatu dira. Horien artean bi proposamen Hondarribiko taldeena dira. Ekitaldian hiru sari banatuko dira: publikoaren saria —Udaleko ordezkari batek emango du—, epaimahaiaren saria eta EITBko ordezkari batek emango duen BideoKlip saria.

Musikeroa formatu intimo eta bereziaren eskutik emango zaio itxiera jaialdiari; aurreko hiru edizioetan —Gorka Urbizu, El Drogas eta Izaro izan dira protagonistak— arrakasta handia izan du. Aurtengoan, Anari izango da gonbidatua, Joseina Etxeberria lagun duela. Bi orduko saio lasai eta sakonean, bere ibilbide pertsonal eta artistikoa markatu duten abestiez, istorioez eta eragin musikalaz arituko dira.

Ortzi Alonso Kultura zinegotziaren hitzetan, “AMUA udazkeneko kultur zutabeetako bat da Hondarribian; hazten ari den jaialdia da, talentua erakartzen duena eta kultura publiko guztietara eramaten duena, gazteenetatik hasi eta musikaz eta ikus-entzunezkoez urte luzez gozatu dutenetara arte”. Alonsok, era berean, azpimarratu du “Udalak kalitatea, euskara, nazioarteko proiekzioa eta tokiko sortzaileen babesa uztartzen dituen programazio baten alde egindako apustua”, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu: “Hondarribiak kultura modu aktiboan, gertutik eta era partekatuan bizitzea nahi dugu. AMUA horren erakusgarri bikaina da”.

Programazio anitz eta irekiarekin, AMUA jaialdiak beste urte batez Hondarribiari musikaz, zinemaz eta sormenaz gozatzeko aukera eskainiko dio. Gonbidapenak eskuragarri daude www.hondarribia.eus helbidean.