Irunen atxilotu dituzte linea elektrikoko dorre batetik kablea lapurtzen ari zirenean

Ertzaintzako agenteek hiru gizon atxilotu zituzten astelehen goizaldean, Irunen, linea elektrikoko dorre bat konpontzen ari ziren lekutik hainbat kable-bobina lapurtzea leporatuta. Hainbat patruilak harrapatu zituzten susmagarriak, lekuko batek lapurretaren berri eman ondoren. Lekutik ihes egin zuen laugarren inplikatua handik ordu batzuetara atxilotu zuten Villabonan, bere etxean. Beste bi pertsona ikertzen ari dira egitateetan ustez parte hartu izanagatik.

Atzo, astelehena, goizaldeko ordu batean, lekuko batek ohartarazi zuen pertsona batzuk kablea lapurtzen ari zitezkeela Irunen, Aiako Harri inguruan.

Bertaratu ziren patruilek ikusi zuten kutxa eta garabi-besoa zituen kamioi bat pista batean ezkutatu nahian ari zela. Polizia-baliabideek bi bidaiariak, bi gizon, identifikatu zituzten, eta agenteen galderen aurrean adierazi zuten txatarra biltzen ari zirela eta galduta zebiltzala.

Bi gizonen jarrera susmagarria iruditu zitzaien Ertzaintzako patruilei, ikusi baitzuten kamioiaren kutxan kable-bobina batzuk zeudela. Agenteek egiaztatu zuten ibilgailua bera eta bidaiariak jabetzaren aurkako hainbat gertaeratan inplikatuta zeudela, eta ingurua miatzea erabaki zuten, beraz.  

Horrela, handik gertu linea elektrikoko dorre bat aurkitu zuten. Dorrearen kontra jarrita bi eskailera zeuden, eta lurrean susmagarrien kamioiak zeramatzan kable-bobinen antzeko batzuk. Gainera, bigarren ibilgailu bat, furgoneta bat, ere aurkitu zuten, eta bertan zegoen bidaiari bakarra ezkutatzen saiatu zen polizia ikustean. Agenteek jakin ahal izan dute egitateetan inplikatuta zegoela, polizia ikustean ihes egin zuen ibilgailuaren titularra zen laugarren gizon batekin batera.

Ebidentzia horien aurrean, agenteek hiru susmagarriak atxilotu zituzten ebasketa-delitua eta talde kriminaleko kide izatea leporatuta.

Polizia-aurrekariak dituzten eta espainiar nazionalitatea duten 38, 41 eta 48 urteko atxilotuak Irungo Ertzain-etxera eraman zituzten dagozkion izapideak egitera.

Laugarren inplikatua atzo eguerdian atxilotu zuten bere etxean, Villabonan, eta espainiar nazionalitatea duen eta horrelako egitateengatik aurrekariak dituen 47 urteko gizona da. Azkenik, lau atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri zituzten.   

Irungo Ertzain-etxetik egindako ikerketei esker, jakin ahal izan dute beste bi pertsonak, gizon batek eta emakume batek, ere parte hartu zutela lapurretan. Lapurretaren egunean zaintza-lanetan ari ziren inguruan, eta ikerketapean daude. Gainera, lapurtutako materiala metalak saltzen dituen Irurako establezimendu batetik berreskuratu ahal izan dute.

Jaitsi argazki 1

Jaitsi argazki 2