Albaitaritzako Osasun Alerta Sarearen Batzordeak (RASVE) gaur egindako bileraren ondoren, non autonomia-erkidego guztiek parte hartzen duten, Animali Osasun arloko Zuzendaritza arduradunen bitartez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak estatuko lurralde osoan aplikatu beharreko zenbait neurri onartu ditu, besteak beste, etxeko hegaztien konfinamendua, hegazti-gripearen hedapena geldiarazteko. Astero arriskua aztertuko da, egoera epidemiologikoa berrikusteko.
Eusko Jaurlaritzak EAEko hegazti-sektore osoari eskatzen dio ustiategi guztietan biosegurtasun-neurriak gogortzeko eta aipatutako neurria betetzea. Izan ere, funtsezko neurria izango da datozen asteetan, basa-hegaztien migrazioak areagotuko baitira.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak koordinazio-mahai bat deituko du premiaz, sektorearekin eta gainerako administrazioekin batera, egoeraren jarraipena egiteko, eredu bakoitzean dauden alternatibak aztertzeko, neurrien eragina baloratzeko eta erakundeen eta sektoreen arteko koordinazioa indartzeko.
«Abeltzaintza-sektorearen osasuna eta iraunkortasuna bermatzea da gure lehentasuna. Horretarako, ezinbestekoa da prebentzio-neurriak gogortzea eta lankidetza estuari eustea» adierazi du sailak.
Gaur egun, ustiategietan foku aktiborik ez dagoen arren, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz dio kontu handiz jokatu behar dela osasun-arrisku handiko egoera baten aurrean.
Sailak gogorarazi du aurreko aldietan arrakastaz indartu direla EAEko ustiategietako biosegurtasun-neurriak, bai eta zaintza aktiboa eta pasiboa ere. Neurri horiek birusaren hedapenari eusteko eraginkorrak direla frogatu da.
