Ertzainek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Gipuzkoako hiriburuan, indarra erabiliz lapurreta egitea eta agintaritzaren aurkako atentatua eta agenteei larriki jarkitzea leporatuta. Atxilotuak lapurreta egin zuen ostalaritza-establezimendu batean, eta aldapan behera ihes egin zuenean, hautsitako botila batekin mehatxatu zituen esku hartu zuten agenteak.
Atzo, igandea, eguerdiko hamabiak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakitera eman zioten lapurreta egin zutela Donostiako Aiete auzoko ostalaritza-establezimendu batean. Antza denez, ustezko lapurra indarra erabiliz sartu zen barrura, eta telefono mugikor bat eta dirua lapurtu zituen.
Bertaratu ziren herritarren babeserako patruilak pertsona horren bila aritu ziren, eta malda batean aurkitu zuten. Gazteak ez zien jaramonik egin ertzainen aginduei, eta aldapan behera jaitsi zen sasitza batera, trenbide inguruko horma batera iritsi zen arte. Ertzainak atzetik zituela ikusita, gazteak kristalezko botila bat hautsi zuen eta agenteak mehatxatu zituen.
Ertzaintza Euskotrenekin harremanetan jarri zen egoeraren berri emateko; izan ere, gazteak, mehatxu gisa, trenbidera jauzi egingo zuela esaten zuen, eta trenbideko zirkulazioa eten egin behar izan zuten, beraz. Halako batean, gazteak oreka galdu zuen petrilean eta sasitzara erori zen, eta agenteek bertan ibilgetu zuten, gogor aurre egin bazien ere.
Magrebtar jatorriko 20 urteko gaztea indarra erabiliz lapurreta egitea, agintaritzako agenteen aurkako atentatua eta agenteei larriki jarkitzea leporatuta atxilotu zuten. Miatu zutenean, lapurtutako telefono mugikorra eta dirua konfiskatu zizkioten.
Ertzain-etxeko eginbideak amaitutakoan, Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dute.