Elgoibarren bi langile atxilotu dituzte beren enpresan kobrearen eta materialaren ebasketa jarraitua egiteagatik

Ertzaintzako agenteek 54 eta 36 urteko bi gizon atxilotu dituzte Elgoibarren, ebasketa-delitu jarraitua leporatuta. Antza denez, hilabeteak zeramatzaten beren enpresatik, nagusiek jakin gabe, kobre-materiala lapurtzen, gero txatartegi batean saltzeko.

Elgoibarko enpresa bateko arduradunek atzo, asteazkena salatu zuten Eibarko Ertzain-etxean, bi langilek materiala ebatsi zutela instalazioetatik, eta atzo bertan, arratsaldean, lapurretan ari zirela.

Berehalako abisuari erantzunez, Ertzaintzako agenteak enpresara joan ziren, eta bertan zegoen ibilgailu baten maletategian enpresako materiala eta kobrea, guztira 86 kilogramo, zuten hiru kaxa aurkitu zituzten. Antza denez, inplikatuek piezak mozten eta prestatzen zituzten eta, ondoren, kaxetan sartzen zituzten gero materiala txatartegi batean saltzeko.

Egindako ikerketen arabera, bi langileek denbora luzea, urtebete baino gehiago, zeramatzaten hilean bizpahiru aldiz halako lapurretak egiten, eta agenteek ebasketa-delitu jarraitua leporatuta atxilotu zituzten. Uste da denbora horretan zehar lapurtutako materialaren balioa 27.000 euro ingurukoa dela.  

Bi atxilotuak, 54 eta 36 urtekoak, biak espainiar nazionalitatekoak, gaur goizean, polizia-eginbideak amaitutakoan, jarri dituzte Eibarko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.  

Jaitsi Okupatutako materiala

Jaitsi Okupatutako materiala