Euskadik zibermehatxuei aurre egiteko erresilientzia indartu du funtsezko zerbitzuetako simulakro estrategikoekin

Euskadik zibermehatxuei aurre egiteko erresilientzia indartu du funtsezko zerbitzuetako simulakro estrategikoekin
  • Bi egunetan Euskadiko azpiegitura sentikorren aurkako zibererasoak simulatu dira erantzuteko gaitasuna eta koordinazioa indartzeko.
  • Ariketa horiek Euskadiko Azpiegitura Sentikorrak Babesteko Planaren barruan sartzen dira, eta gaur egun 12 sektore estrategiko barne hartzen ditu eta 60 operadore ditu aktibo.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Koordinazio Zuzendaritzaren bidez, funtsezko zerbitzuen esparruan zibererasoei aurre egiteko erresilientzia indartzeko bi simulakro egin ditu atzo eta gaur.  Saio horiek ariketa estrategikoen zikloa hasi dute, eta Cyberzaintzak eta Ertzaintzaren Zibersegurtasuna Koordinatzeko Burutzak parte-hartze aktiboa izan dute, zibersegurtasunaren arloko lankidetza instituzionala sendotuz.

Bi jardunaldietan simulakro praktikoak egin dira eta egonkortasun sozial eta ekonomikorako garrantzi handia duten funtsezko zerbitzuetako hainbat sektoretako 16 organizaziok parte hartu dute. Ariketa horiek Euskadiko Azpiegitura Sentikorrak Babesteko Planaren barruan sartzen dira, eta gaur egun 12 sektore estrategiko barne hartzen ditu eta 60 operadore ditu aktibo. Datozen hilabeteetan, proba horiek beste sektore batzuetara zabalduko dira, eta, amaieran, simulazio integral bat egingo da, egoera konplexuen aurrean sistemaren prestakuntza globala baliozkotzeko.

Bi jardunaldi horietan egindako simulakroetako bakoitzak hiru orduko iraupena izan dute, eta Euskadiko funtsezko sektore bateko erakunde baten itxurazko agertokia irudikatu dute, bere zerbitzuak, barne-antolaketa eta azpiegiturak zehaztuz. Parte-hartzaileek “denbora errealean” jaso dute eraso bati buruzko informazioa, eta erabakiak hartu behar izan dituzte zerbitzuak leheneratzeari lehentasuna emateko, herritarrei jakinarazteko eta beste erakunde batzuekin koordinatzeko.

Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak adierazi duenez, “halako ekimenek zibermehatxuen aurrean defentsa indartzeaz gainera, segurtasun publikoa eta azpiegitura estrategikoen jarraipena arriskuan jar dezakeen edozein gorabeherari aurre egiteko prestakuntza sendotzen du”. Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak honako hau ere nabarmendu du: “plan hauekin, Euskadik gertaera konplexuei erantzuteko gaitasuna indartzen du, koordinazio- eta komunikazio-mekanismoek egoera kritikoetan eraginkortasunez funtzionatuko dutela ziurtatuz.  Helburua herritarren babesa eta funtsezko zerbitzuen egonkortasuna bermatzea da, eta Euskadik lurralde seguru eta erresiliente gisa duen irudia indartzea”.

Azpiegitura eta operadore sentikorrak

Azpiegitura sentikorrak instalazioak, sareak eta zerbitzuak dira, etengo balira edo kalte egingo balitzaie segurtasunean, osasunean, ekonomian edo gizarte-ongizatean eragin nabarmena izango luketenak. Guztira, hamabi sektore dira: Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, energia, garraio- eta logistika-azpiegiturak eta -baliabideak, ur-hornidura, osasuna, arriskuko industria-sektoreak, gobernua eta administrazio publikoa, elikagai-katea, finantzak, eragile ekonomiko adierazgarriak, hiri-hondakinak eta industrialak eta ikerketa.

Operadore sentikorrak azpiegitura horiek kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratzen direnak dira. Horien eginkizuna funtsezkoa da Euskadiko egitura sozioekonomikoari eusten dioten zerbituen jarraipena bermatzeko. Esparru horietako edozeinetan zerbitzua etengo balitz, eragina izango luke herritarren eguneroko bizitzan, enpresen lehiakortasunean eta lurraldearen egonkortasunean, eta horiek babestea lehentasun estrategikoa da eta horretaz Segurtasun Saila arduratzen da.

Mehatxu hibridoak

Azpiegitura Sentikorrak Babesteko Plana Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Orokorrarekin lerrokaturik dago, eta arrisku fisikoak, zibererasoak eta ingurumen-faktoreak konbinatzen dituzten mehatxu hibridoen gero eta konplexutasun handiagoari erantzuten dio. Mehatxu horiek aldi berean eragin diezaiekete azpiegitura sentikorrei, funtsezko zerbitzuei eta herritarren konfiantzari, eta, beraz, estrategia koordinatua eta dimentsio anitzekoa behar dute.

Eusko Jaurlaritzak prebentzioa, erantzuna eta erresilientzia konbinatzen dituen segurtasun-eredu integral baten aldeko apustua egiten du, erakunde publikoak nahiz operadore pribatuak inplikatuz.  Lankidetza publiko-pribatu hori funtsezkoa da arriskuei aurrea hartzeko, eraginak minimizatzeko eta oinarrizko zerbitzuen jarraipena bermatzeko.

Hurrengo mugarriak

2026ko lehenengo hiruhilekoan beste simulakro bat egingo da klima-aldaketaren mehatxua eta segurtasunean dituen ondorioak oinarri hartuta, eta landuko diren agertokiak muturreko fenomenoak eta horiek azpiegituretan eta zerbitzuetan duten inpaktua izango dira. Gero, 2026ko bigarren hiruhilekoan, egingo den simulakro integralean sistemak arrisku fisikoei, logikoei eta ingurumenekoei koordinatuta aurre egiteko duen gaitasuna probatuko da, modu horretan, Euskadik mehatxu hibridoen aurrean duen prestakuntza globala baliozkotzeko.