Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du gaur, osteguna, arratsaldeko 16:00etan

Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du gaur, osteguna, arratsaldeko 16:00etan
  • Euskadi abisu horian dago ostegun honetatik, elur-arriskuagatik, 400 metrorainoko koten aurreikuspenarekin
  • Egoera hori dela eta, Trafikoko zuzendariak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatzea erabaki du

Gaur, azaroak 20, osteguna, Euskadi abisu horian dago elur-arriskuagatik, 500 metroko altuerara jaitsiko diren kotekin. Gainera, prezipitazio txikiak espero dira, zenbait lekutan ertainak, probabilitate handiagokoak eta sarriagoak egunaren lehen partean. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatzea erabaki du, gaur arratsaldeko 16:00etatik aurrera, modu prebentiboan. Hala jakinarazi dio Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoari. Plan horretan, euskal erakunde guztiak daude ordezkatuta.

Euskalmeten iragarpenen arabera, ostegun arratsaldean elur-kota 500-700 metrora jaitsiko da, eta noizbehinka baxuagoa izan daiteke. Gainera, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, oso ugariak isurialde atlantikoan eta trumoi-ekaitzak eta txingorra botatzeko probabilitatearekin Kantauri isurialdean egunaren bigarren partean, eta izotz txikia egingo du Araban, ertaina mendi inguruetan.

Eta ostiralean, hilak 21, elur-kota 500 metro inguruan kokatuko da egunaren lehen partean, noizbehinka 400 metrotan, 600-800 metrotan arratsaldean eta 700-900 metrotan azken orduetan. Gainera, zaparrada ertainak botako ditu Kantauri isurialdean, eta txiki-ertainak gainerakoetan. Egunaren amaieran atertzera egingo du, eta trumoi-ekaitzak eta txingorra botatzeko aukera egongo da Kantauri isurialdean egunaren lehen partean; Araban, berriz, izotza egingo du, ertaina mendialdean.

Fase operatibo honetarako, Eusko Jaurlaritzak 4 garabi astun mobilizatu ditu, errepide-sare nagusian gurutzatuta geratuz gero kamioiak erretiratuko direla bermatzeko. Garabi astun horietako hiru Araban egongo dira (AP-68an Altuben, A-1 errepidean San Romanen eta A-1 errepidean Subijanan) eta laugarrena Gipuzkoan (N-1 errepidean Etzegaraten). Gainera, baliabide gehiago jarriko ditu kudeaketa-gelan eta telefono-arretan, bai 011n (trafikoko arretan) bai 112an (larrialdien arretan), eta gidariei beharrezko informazioa emango die, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, web-orriaren, sare sozialen eta abarren bidez.

Neguko Bidezaintza Plana 2025-2026

2025-2026 Neguko Bidezaintza Planak, Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duenak, foru-aldundien eta autobideen elurra kentzeko 215 makina aktibatzeko aukera jasotzen du; 7 garabi astun, gune estrategikoetan kokatuak, tona askoko ibilgailuak kentzeko; eta beste 130 ibilgailu, koordinazio- eta zaintza-lanetarako lagungarri izango direnak. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Negu honetarako planak 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun eskura izatea aurreikusten du.

Recomendaciones

Eguraldi txarra dagoenean, gomendagarriena da errepidez bidaian ez irtetea eta, ahal dela, garraio publikoa erabiltzea. Baina bidaia saihestezina bada, Eusko Jaurlaritzak honako hau gomendatzen du:

  • Errepideen egoerari eta egoera meteorologikoari buruzko aldez aurreko informazioa eskatu Euskalmeten eta Eusko Jaurlaritzaren 011 trafiko-telefonoaren bidez.
  • Pneumatikoen, galgen eta izotz-kontrakoen egoera aztertu, kateak eraman beti, erregai-tanga beteta eta babes-elementuak ez ahaztu. Eta ahal den guztietan telefono mugikorra eraman; bereziki, bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar duten gidariek. Neguko pneumatikoak erabiltzea oso gomendagarria da.
  • Poliki zirkulatu, izotz-plaken presentziari adi, batez ere gune laiotzetan.
  • Aurreko autoarekiko segurtasun-distantzia ohi baino handiagoa izan.
  • Direkzio-aldaketa zakarrik ez egin. Bolantearen mugimendu leunekin gidatu.
  • Izotz-eremu batean sartuz gero, ez zapaldu balazta, utzi ibilgailuari bere inertzia hutesez Aurrera egiten.
  • Erabili neguko pneumatikoak, eta halakorik ez badago, jarri kateak autoari izotza edo elur gogorra dagoenean edo zirkulazio-agenteek hala adierazten dutenean.
  • Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egoteko.