Bi gizon atxilotu dituzte Irunen, ibilgailuetan indarra erabiliz lapurreta egiteagatik eta lapurtutako kreditu-txartel bat iruzurrez erabiltzeagatik

Ertzainek 33 eta 26 urteko bi gizon atxilotu dituzte Irunen, aparkatuta zeuden ibilgailuetan indarra erabiliz lapurreta egitea eta lapurtutako kreditu-txartel bat erabiliz iruzur egitea leporatuta. Hirigunean txartelarekin erosketa bat egin zutenean atzeman zituzten patruilek.

Joan den asteazkenean, hilaren 19an, Ertzaintzak jakin zuen indarra erabiliz lapurreta egin zutela Irungo Anzaran auzoko hainbat kaletan aparkatuta zeuden eta leihoak hautsita zituzten zenbait ibilgailutan.

Gertatutakoaren berri izan zuten herritarren babeseko patruilek eguerdi aldera aurkitu zituzten saltoki batean lapurtutako txartel batekin ustez ordaindu zuten bi gizon. Gainera, bi gizon horiek ibilgailuetako batetik lapurtu zutenaren ezaugarri berberak zituen motxila bat zeramaten. Hori dela eta, agenteek bi gizonak identifikatu zituzten eta prebentziozko miaketa egin zieten.

Polizia-baliabideek egiaztatu ahal izan zuten aipatutako delituetan parte hartu zutela, beren gauzen artean lapurtutako objektuak baitzeramatzaten, hala nola motxila, diru-zorro bat, kreditu-txartel bat eta garraio-txartel bat. Irungo Udaltzaingoak ere salaketa bat jaso zuen delituak egin ziren eremu berean ibilgailu batean indarra erabiliz egindako lapurretarengatik.

Ebidentzia horiek oinarri hartuta, patruila batek magrebtar jatorriko 26 eta 33 urteko bi gizonak atxilotu zituen indarra erabiliz lapurreta egitea eta lapurtutako kreditu-txartelarekin iruzur egitea leporatuta. Bi atxilotuek polizia-aurrekariak dituzte jabetzaren aurkako delituengatik Zaragozako probintzian, eta, dirudienez, orain Irunera etorrita zeuden eta bertan ere atxilotu egin dituzte.

Bi atxilotuak gaur, ostirala, jarri dituzte Irungo Guardiako Epaitegiaren eskuetan.