Ertzaintzako agenteek 42 eta 37 urteko bi gizon atxilotu zituzten joan den asteazkenean Arabako hiriburuan, indarra erabiliz etxeetan lapurreta egitea leporatuta. Polizia-patruilek “in fraganti” harrapatu zituzten eraikin bateko eskailera-buruan, etxebizitzetako batera sartu ondoren.
Egitateak joan den asteazkenean gertatu ziren Gasteizko Zaramaga auzoan. Ertzaintzak etxebizitza-bloke bateko bizilagunen abisua jaso zuen, bi gizon ikusi baitzituzten linternekin eta etxebizitzetako batean sartu nahian ari zirela konturatu baitziren.
Herritarren babeseko patruilak berehala joan ziren adierazitako lekura, eta ertzainek etxebizitza-blokeko hirugarren solairuko eskailera-buruan aurkitu zituzten bi susmagarriak. Prebentziozko miaketan, bi gizonek etxebizitzetan lapurretak egiteko erabili ohi diren hainbat elementu zeramatzatela egiaztatu zuten, besteak beste, giltza-sortak eta giltza orokorrak, metalezko paper-tirak, bihurkin bat, irristatze-metodoa erabiltzeko plastiko bat eta galtzerdiak, azken horiek ustez eskuetan jartzeko eta arrastorik ez uzteko.
Ertzainek lekuan bertan bildutako informazioaren arabera, antza denez, bi gizonek etxebizitzetako batean sartzea lortu zuten eta bigarren batean sartzen saiatu ziren. Gainera, ustezko lapurrei konfiskatutako ebidentzien artean, Gasteizko Udaltzaingoan jarritako salaketa baten arabera, auzo bereko beste etxebizitza batetik aurretik lapurtutako objektu bat zegoen.
Hori guztia oinarri hartuta, polizia-baliabideek bi inplikatuak, magrebtar jatorriko 36 eta 42 urteko gizonak, atxilotu zituzten. Ertzain-etxean eginbideak amaitu ondoren, atxilotuak gaur, ostirala, jarri dituzte Gasteizko Guardiako Epaitegiaren eskuetan, eta epaileak 42 urteko gizona espetxeratzeko agindu du.