Ertzaintzak familia bakarreko etxebizitzetako lapurretetan espezializatutako talde ibiltari bat atxilotu du Bakion, Bizkaian hamabost lapurreta egitea egotzita

Ertzaintzako agenteek 28, 27 eta 25 urteko hiru gizon atxilotu dituzte Bakion, etxebizitzetako lapurretetan espezializatutako talde kriminal bateko kideak direlakoan. Ikerketei esker, urrian eta azaroan Busturialdea eta Mungialdea eskualdeetan familia bakarreko etxebizitzetan egindako hamabost lapurreta gutxienez argitu ahal izan dira. Atxilotuak epailearen esku utzi dituzte gaur, eta espetxeratzeko agindua eman dute.

Gernika-Lumoko ertzain-etxeko agenteak azaroan hasi ziren ikertzen talde ibiltari horren presentzia. Hainbat pertsonak osatzen zuten talde hori, oso berrerorlea eta mugikortasun handikoa, eta horrek zaildu egiten zuen hura detektatzea. Bizkaira iritsi zirenetik, lapur talde hori hainbat aldiz aldatu da alokairuko ibilgailuz, EAEtik kanpo erosita, eta kideak ere etxez aldatu dira, egonaldi laburrak eginez landa-etxebizitzaren batean edo oporrak alokatzeko pisuren batean.

Ikertzaile-taldeak egindako ikerketen arabera, taldea batez ere auzo-errepideetatik mugitzen zen, eta auzoak eta bideak kontrolatzen zituen, familia bakarreko etxebizitzak zelatatzen zituztelarik, eta aukeratzen zituzten lapurreta egin aurretik. Bere modus operandi-a, batez ere, ateak, leihoak edo beheko solairuetako balkoia behartu ondoren etxera sartzean zetzan. Bitxiak, erlojuak, dirua edo baliotsutzat jotzen zituzten tresnak zituzten helburu.

Jarraipen- eta zaintza-lan baten ondoren, dispositibo batek bere fruitua eman zuen joan den ostegunean, gaizkileek Gamiz-Fikako etxe batean azken lapurreta egin ondoren. Dispositiboko ertzainek bi gizon ikusi zituzten etxeko balkoian kaputxa jantzita, eta hirugarren bat auto batean zain zegoen, herriko errepideetatik eta auzo-bideetatik abiadura handian ihes egiteko. Bakio zuten helmuga, eta patruila batzuek bidea itxi zieten udalerri horretarako sarreran. Ibilgailuan zihoazenak identifikatu ondoren, ertzainek atxilotu egin zituzten, talde kriminaleko kide izatea eta etxean lapurtzea egotzita.

Atxiloketen ondoren, egindako ikerketa eta azterketa guztiei esker, urrian eta azaroan Mungian, Gamiz-Fikan, Gatikan, Busturian, Foruan, Muruetan, MeƱakan, Bakion eta Barrikan (azken hori Getxoko barrutian dago) egindako hamabost lapurreta egotzi ahal izan zaizkio talde horri.

Bakiotik gertu dagoen landa-eremu batean ere, lapurrek harrapakinaren zati bat, bitxiak, imitaziozko bitxiak eta erlojuak ezkutatzen zituzten sastrakaren azpian, baita lapurretetan erabilitako erremintak ere, bihurkinak esate baterako.

Halaber, atzo, larunbata, atxilotuen bizitokira sartu eta miatu zuten oporretako etxebizitza bat, epailearen baimenarekin. Miaketan hainbat ebidentzia, telefono mugikorrak, bitxikaxa bat, arropa eta oinetakoak jaso ziren, ustez lapurretetan erabilitakoak.

Hiru atxilotuak Europakoak dira, 28, 27 eta 25 urtekoak. Gaur, igandea, ertzain-etxean egin beharreko izapideak amaitu ondoren, hiru atxilotuak Gernika-Lumoko guardiako epaitegiaren esku utzi dituzte, eta espetxeratzeko agindu dute.

Jaitsi erantsitako dokumentua