- Living Legacy serieak Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen (UICN) bermea du, eta 15 herrialdetan filmatu da
- Espazio berri horren helburua da esploratzea nola hazi daitezkeen elkarrekin giza gizarteak eta natura, soluzio inspiratzaileen balioa nabarmenduz
- Euskadiren kapitulua Bermeon filmatu da, eta beraren ardatz nagusia da Life Urban Klima 2050 proiektuaren barruan Tonpoi aldean egindako eraldaketa, kostaldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko ekimenen adibide gisa
Elkarrekin hazi ote daitezke giza gizarteak eta natura? Galdera hori da BBC-Erresuma Batuko irrati, telebista eta internet zerbitzu publikoak ekoiztutako serie berriaren ardatza -serieak Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen (UICN) bermea du-. Living Legacy (ondare biziduna) izenburupean, serie berri horrek esploratzen du nola lagundu dezaketen naturaren kontserbazioak eta babesak isurketak murrizten, ekonomiak sostengatzen eta pertsonen bizitza hobetzen. Lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko xedez Euskadik egindako lana izan da espazio horretan sartzeko aukeratutako esperientzietako bat; espazioa gaur aurkeztuko da jendaurrean COP30en, hau da, Brasilgo Belém hirian azaroaren 10etik 21era bitartean egiten ari den Klimaren Goi Bileran.
15 herrialdetan filmatuta, Living Legacyk kontserbazioari buruzko istorioak nabarmentzen ditu, eta baita ingurumen-arazoei emandako soluzio inspiratzaileak ere, bizipen pertsonaletatik ikusita. Kenyako mangladietako zaindariekin hasi eta Ozeano Bareko marrazo baleen ikertzaileekin bukatuz, serieak nabarmendu egiten ditu mundu naturala mantentzea, lehengoratzea eta berarekin berriz konektatzea helburutzat duten komunitateak. Naturan zentratutako narrazio zinematografiko baten bitartez, Living Legacyk hausnarketa egitera gonbidatzen du publikoa, naturarantz begiratzeak etorkizun erresilienteagoa eraikitzen lagundu dezakeela ikus dezaten.
Seriearen trailerraren narrazioa Jane Goodall doktore eta etologo zenak egiten du, eta bertan eskaintzen du serie berri honen kapitulu bakoitzean ikusi ahal izango denaren ikuspegi orokor bat, naturarekin modu harmoniatsuan lan egiten duten pertsonak eta komunitateak nabarmenuz.
UICNko zuzendari nagusi Grete Aguilarren hitzetan, “istorioek eta narrazio inspiratzaileak badute geu hunkitzeko eta batzeko ahalmena, eta baita mugetatik hara doazen aldaketak bultzatzeko ere. Serie honek erakusten digu naturaren kontserbazioak benetan funtzionatzen duela, zeren onura erreal eta ukigarriak ekartzen baititu, bai pertsonei eta bai ekosistemei. Orobat, agerian uzten du Lurrean guztiok osatzen dugun bizitza-sare bakarra dagoela, eta beraren babesaren alde elkarrekin lan egiteko inspiratzen gaitu.
Tonpoi lehengoratzeko ekimena, Bermeon
Klima-egokitzapenaren adibide gisa Euskadik egindako lana jorratuko duen kapitulua Bermeon filmatu da, eta bertan Tonpoi aldearen berreskurapena aztertzen da, kostaldea lehengoratzeko jardunbide egoki gisa aurkeztuz.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatuta, Natura 2000 Sarearen ondoan, Tonpoi aldea eraldatu egin da, eremu degradatu batetik abiatuta, kostaldearen lehengoratzea klima-aldaketara egokitutako eredu baten bidez eginez. Esku-hartze horri esker, itsaslabarrak egokitu ahal izan dira bertoko espezieekin, eta biodibertsitatea hobetu ahal izan da, mikro-habitatak sortzearen bitartez; orobat, oinezkoentzako bidezidorrak sortu dira, tokiko komunitateari klima-aldaketaren ondorioen aurrean erresilientea den berdegune irisgarri bat eskaintzeko.
Esku-hartze hori Life IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan garatu da -proiektu hori Eusko Jaurlaritzak bultzatzen, du Ihobe sozietate publikoaren bide, hogei bat erakunderen sostenguarekin-. Horri esker lortu da espazio hori berreskuratzea, hiri-inguruneko azpiegitura berde gisa eta klima-babesleku gisa, behar ekologikoak eta sozialak orekatuz.
Tonpoiko esku-hartzea material naturalekin eta jardunbide jasangarriekin diseinatu da, eta barne hartzen du bertoko ehun zuhaitz eta 1.200 zuhaixka landatzea. Hiru habitat biziberritzeaz gain -kostaldea, landazabal atlantikoa eta kantauriar artadia-, mikro-habitatak ere sortu dira tokiko biodibertsitatea sustatzeko. Esku-hartzea osatzeko, kostaldeko kaletara iristeko bidezidorrak egokitu dira, herritarren gozamenerako.
Istorio guztiak ikusgai daude webgune honetan: http://livinglegacycollection.com.
