Ertzaintzak 1993an ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea Asla sarjentu nagusia omendu du

Ertzaintzak beste ekitaldi bat egin du gaur eguerdian Erandioko egoitza nagusian, Ertzaintzako sarjentu nagusia izan zen eta ETA talde terroristak orain dela 32 urte hil zuen Joseba Goikoetxea Asla omentzeko. Omenaldian Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua eta Herritarren Babeserako Atalaren eta Inteligentzia Bulego Nagusiaren buruak izan dira, beste hainbat agintarirekin, lankide ertzainekin eta familiarteko eta senideekin batera. Lore-eskaintza egin ondoren, minutu bateko isilunea egin dute.

Gaur eguerdian Erandioko egoitzan egin den ekitaldian, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak idatzi bat irakurri du Joseba Goikoetxearen omenez, eta, ondoren, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak lore-eskaintza egin du. Jarraian, minutu bateko isilunea egin dute.

Oroimen-ekitaldia Ertzaintzaren unitate eta polizia-zentro guztietan ere egin dute, eta minutu bateko isilunea egin dute Joseba Goikoetxearen oroimenez.

Joseba Goikoetxea sarjentu nagusia 1993an hil zuen ETAk. Azaroaren 22an Goikoetxea Bilbon bere autoa gidatzen ari zenean, leihotik egin zioten tiro semearen aurrean, baina hau ez zuten zauritu. Atentatuaren ondoren, bizirik eraman zuten ospitalera, baina handik lau egunera hil zen eragindako zaurien larritasunaren ondorioz.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. 15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).

 

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi argazki 2

Jaitsi erantsitako dokumentua