Gaur goizean, 31 eta 33 urteko bi gizon atxilotu dituzte Urduña/Orduñan, Bizkaian, kalean aparkatuta zeuden hamar bat ibilgailutan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxilotu dituzten unean susmagarriek biktimei lapurtutako objektu ugari zeramatzaten.
Gaur, asteazkena, goizeko seiak baino lehentxeago, Ertzaintzak, herritarren laguntzari esker, pertsona batek egindako deiaren bidez jakin du bi pertsona zokomiran zebiltzala Urduña/Orduñako Nafarroa kaleko aparkaleku publiko batean. Bi gizon horiek poltsa ugari zeramatzaten, eta berriemaileari susmagarria iruditu zaio hori.
Garaiz emandako abisu horri esker, inguruan patruilatzen ari ziren Ertzaintzako baliabideek lekuan bertan, leiho bat hautsita zuen ibilgailu baten ondoan, aurkitu ahal izan dituzte bi pertsona horiek. Ondoren, ingurua miatu dutenean, egiaztatu dute beste bederatzi ibilgailuk kalteak zituztela eta barrua erabat nahastuta zutela.
Jabeetako batzuekin harremanetan jarri ondoren, egiaztatu dute susmagarriek zeramatzaten hainbat poltsa eta objektu biktimenak zirela. Gainera, urte hasieran galdu zuela salatu zuen pertsona baten dokumentazioa zeraman susmagarrietako batek. Bestalde, aparkalekuan aparkatuta zeuden ibilgailuetatik lapurtutako objektuak zituzten motxila eta poltsa gehiago aurkitu dituzte tren-geltokiaren albo batean.
Ebidentzia horien aurrean, agente jarduleek bi gizonak atxilotu dituzte indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Horietako batek polizia-aurrekari ugari ditu antzeko egintzengatik.
Orain arte, zazpi salaketa jarri dituzte, eta berreskuratutako hainbat objektu jada itzuli dizkiete, beraz, euren jabeei. Eginbideak amaitu ondoren, bi atxilotuak, magrebtar jatorriko 31 eta 33 urteko gizonak, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.