Emakume bat atxilotu dute Barakaldoko etxebizitza batean izandako sutearekin ustez zerikusia izateagatik

Ertzaintzak egindako ikerketari esker atxilotu dute duela gutxi Barakaldoko etxebizitza batean izandako sutean ustez inplikatutako emakume bat. Sutean lau gizon zauritu ziren, eta horietako bat hil egin zen hirugarren solairutik amildu ondoren.

Sutea azaroaren 13an, goizeko seiak baino minutu batzuk lehenago, gertatu zen Barakaldoko El Carmen kaleko etxebizitza-bloke bateko hirugarren solairuan.   Ertzaintzak hainbat dei jaso zituen sutan zegoen etxebizitza bateko bizilagunek leihoetatik laguntza eskatzen zutela ohartaraziz.

Larrialdietako zerbitzuak iritsi zirenean, egiaztatu zuten etxeko bizilagunetako bat amildu eta kalera erori zela, eta beste bik leihoetatik laguntza eskatzen jarraitzen zutela. Suhiltzaileek bi pertsona horiek erreskatatzea lortu zuten, eta laugarren bat barruko patiotik atera zuten.

Etxebizitzan bizi ziren lau pertsonak, 46 eta 60 urte bitartekoak, hiru espaniarrak eta beste bat magrebtarra, lekuan bertan artatu zituzten osasun-zerbitzuek, eta, ondoren, Gurutzeta eta San Eloy ospitaleetara eraman zituzten. Handik ordu batzuetara, kalera amildu zen gizona hil egin zen zaurien larritasunaren ondorioz, 48 urtekoa eta espainarra.

Une horretatik aurrera, Ertzaintza sutearen arrazoiak ikertzen hasi zen, hipotesi gisa hartuta nahita eragindakoa izan zela.

Ikerketa Sestaoko Ertzain-etxetik egin dute, asteartean, espainiar nazionalitateko 44 urteko emakume bat atxilotu zuten Barakaldon egitateekin ustez zerikusia izateagatik.

Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten polizia-eginbideekin jarraitzeko, eta, horiek amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du.