Bi gizon atxilotu dituzte Hernanin emakume bati telefono mugikorra indarkeriaz lapurtzeagatik

Ertzaintzaren baliabideek 27 eta 29 urteko bi gizon atxilotu dituzte emakume bati bide publikoan telefono mugikorra indarkeriaz lapurtzeagatik. Patruila batek aurkitu ditu bi gizonak ihes egin ondoren, eta lapurtutako telefonoa berreskuratu du.

Goizaldeko hiru eta erdiak aldera, berriemaile batek Ertzaintzari jakitera eman dio bi gizonek lapurreta egin dietela bi emakumeri Hernani erdialdeko kale batean, eta ihes egin dutela.

Herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilak latinoamerikar jatorriko biktimekin harremanetan jarri dira, eta hauek agenteei esan diete taxi baten zain zeudenean bi gizon hurbildu zaizkiela. Adierazi dutenez, gizonak, berehala, emakumeekin hizketan hasi dira, eta batek emakumeetako bati eskutik heldu dio. Emakumeak jazarrita sentitu dira. Egoera horren aurrean, emakumeetako batek telefono mugikorra atera du dei bat egiteko, eta gizonetako batek kendu eta bultza egin dio, lurrera eroraraziz. Jarraian, biek korrika ihes egin dute herrigune historikorantz.

Esku hartu duten agenteek inguruan aurkitu dituzte lapurren deskribapen fisikoarekin bat zetozen bi gizon. Horietako batek telefono mugikor bat zeraman eskuan, eta horma baten atzean ezkutatzen saiatu da, baina agenteek ikusi egin dute mugimendua.

Biak identifikatu eta emakumeari lapurtutako telefonoa zela egiaztatu ondoren, biak indarkeriaz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dituzte.

Atxilotuak, 27 eta 29 urtekoak, magrebtar jatorrikoak dira, eta lehenengoak polizia-aurrekariak ditu. Biak Hernaniko Ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko izapideak egitera, ondoren agintari judizialaren eskuetan jartzeko.