Bi gizon atxilotu dituzte Bilboko etxebizitza batean lapurreta egiteagatik

Ertzainek 19 eta 30 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo, osteguna, Bilbon, joan den astean etxebizitza batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Urtarrilaren 7an, Ertzaintzak jakin zuen arratsalde horretan lapurreta egin zutela Bilboko etxebizitza batean, bertako bizilagunak kanpoan zeudenean. Salatu zutenez, etxera itzuli zirenean ohartu ziren dena hankaz gora zegoela, eta, besteak beste, material elektronikoa, erloju eta bitxi batzuk eta perfumeak lapurtu zizkietela.

 Gertatutakoaren berri izan ondoren, zegokion ikerketa jarri zuten abian eta, horren ondorioz 19 eta 30 urteko bi gizon, magrebtar jatorrikoak eta polizia-aurrekariak dituztenak, identifikatu zituzten bumping teknika erabiliz etxean egindako lapurretaren egile gisa. Beharrezko frogaketak egin ondoren, susmagarriak atzo aurkitu ahal izan zituzten Bizkaiko hiriburuan, eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten.

 Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten beharrezko izapideak egin eta, ondoren, epailearen eskuetan jartzeko.