Ertzaintzaren agenteek 19 urteko gizon bat atxilotu dute indarkeriaz lapurreta egiteagatik, beste gazte bati eraso egitea eta, indarrez tira eginda, lepoan zeraman katea lapurtzea leporatuta. Patruila batek lapurretaren lekutik gertu aurkitu zituen lapurra eta aipatutako bitxia.
Joan den igandean, goizaldeko ordu biak baino lehentxeago, Arabako hiriburuko erdialdean herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek ikusi zuen bi pertsona gazte baten atzetik korrika zihoazela Foru kalean, “lapurra” oihu eginez.
Egoera horren aurrean, polizia-dotazioak inguruan, Alava jeneralaren kalean, geldiarazi ahal izan zuen susmagarria. Atzetik zihoazen bi gizonak iritsi zirenean, agenteei esan zieten inguruko ostalaritza-lokal bateko segurtasun-jagoleak zirela eta atxikita zuten gazteak katea lapurtu ziola bezero bati establezimendutik irten zenean.
Agente jarduleak biktimarekin, espainiar nazionalitateko 19 urteko gaztearekin, harremanetan jarri ziren, eta honek egiaztatu zien ukabilarekin hainbat kolpe eman zizkiola bularraldean eta lepotik zintzilik zeraman zilarrezko katea lapurtu ziola, urradura batzuk eraginez.
Lapurrak ihesean egin zuen bidean, lurrean botata, aurkitu zuen patruilak lapurtutako katea, hautsita zegoena, eta legezko jabeari itzuli zion.
Lapurretaren egileak, magrebtar jatorriko 19 urteko gazteak, polizia-aurrekariak ditu batez ere lapurretengatik eta ebasketengatik, eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten. Atxilotua gaur, astelehena, goizean eraman dute Epaitegira, beharrezko izapideak amaitu ondoren.