- Lau hilabeteko epea duen proiektua aste honetan bertan onartu du Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak.
- Udan egingo diren lanen barruan urbanizazioaren sekzio osoaren gainazaleko akaberak birjartzea sartzen da, Alaba Jeneralaren kaleko oinezkoentzako espaloiena izan ezik.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, lizitaziora atera du Gasteizko Alaba Jeneralaren eta Independentzia kaleen urbanizazioa. Bertatik doa hiriko tranbiaren enbor komuna, 2,7 milioi euroko oinarrizko aurrekontuarekin eta lau hilabeteko egikaritze-epearekin. Jarduketa horren eraikuntza-proiektua aste honetan bertan onartu da, eta uda honetan gauzatuko da. Bertan, urbanizazioaren sekzio osoaren gainazaleko akaberak birjarriko dira, Alaba Jeneralaren kaleko oinezkoentzako espaloienak izan ezik.
Esku-hartze hori, erdiguneko merkataritza-arterian garraiobide publiko eta pribatuen arteko integrazioa hobetu ahal izateko bi erakundeek lortutako akordioaren emaitza da. Horri dagokionez, Udaleko Espazio Publiko sailaren eta ETSko teknikarien artean landutako proiektuak Alaba Jeneralaren eta Independentzia kaleetako zoladurarako soluzio homogeneoaren aldeko apustua egiten du, dauden akaberak bateratuz (gaur egun hiru akabera daude, hormigoi bituminosoa, asfalto urtua eta hormigoi inprimatua), hiri-elementuak urbanizazio berrira egokituz eta drainatzea birgaituz. Era berean, bi trenbideen tarte bat berrituko da Independentzia, Araba Jeneralaren eta Foru kaleen elkargunean, eta 20 kutxatila inguru konponduko dira.
Aurrekontu osotik, 530.000 euro tranbia arloa hobetzera bideratuko dira, eta 2,1 milioi euro, berriz, integrazioa hobetzera. Horretarako, hainbat jarduketa egingo dira zoladuran eta espaloien saneamenduan, urbanizazio-elementuak eta hiri-altzariak berrituko dira oinezkoentzako eremuetan, eta eta bi eremuak bereizteko eta babesteko bolardoak modernizatuko dira. Hala ere, aurretiazko lanak, hondakinen kudeaketa, segurtasuna eta osasunarekin erlazionatutako gaiak barne daude, besteak beste.
Lanak Andre Maria Zuriaren jaien ondoren hasiko dira, eta obrak egiteko beharrezkoa izango da tranbiaren eta ibilgailuen trafikoa erabat moztea hiru astez. Aldi horretan, Euskotrenek ohiko zerbitzua eskainiko du sare osoan, Legebiltzarra eta Angulema geltokien arteko tartean izan ezik.
Hala eta guztiz ere, zirkulazioari eta garajeetarako sarbideari eutsiko zaie une oro, tranbia-sistemaren iragazkortasuna eta integrazioa hobetzeko Independentzia eta Bakea kaleen arteko elkargunearen eta tranbiaren Legebiltzarra geltokiaren artean dagoen hiri-ingurunean.
2008an martxan jarri zenetik, Alaba Jeneralaren eta Independentzia kaleetako plataforman esku-hartze ugari egin dira, bai kutxetak konpontzeko, bai zorua berritzeko. Zehazki, 2024ko abuztuan egindako azken jarduketan, zoladura berriro jartzeaz gain, 32 kutxatila kendu eta beste 114 konpondu ziren, karga eta deskargako autobusak eta kamioiak plataforma partekatutik igarotzeak eragiten duen inpaktu akustikoa murrizteko.