Ertzainek 42 urteko gizon bat atxilotu dute iazko azaroan Arabako hiriburuko etxebizitza batean indarra erabiliz egindako lapurreta batean ustez parte hartu izanagatik. Hiriko beste hiru etxebizitzatan egindako lapurretengatik, denda batean egindako ebasketa batengatik, kalean patinete elektriko bat lapurtzeagatik eta telefono mugikor baten errezeptazioagatik ere ikertzen ari dira.
Lapurreta joan den azaroaren erdialdera egin zuten Gasteizko Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean. Sarrerako ateko sarrailak manipulatu izanaren zantzuak zituen eta etxeko hainbat gela hankaz gora zeuden. Bertatik batez ere bitxiak eta dirua, besteak beste, txanpon zahar batzuk, lapurtu zituzten.
Gasteizko Ertzain-etxetik egindako ikerketei esker, lapurreta hori azaroan bertan Zaramaga auzoko beste bi etxebizitzatan egindako antzeko delitu batengatik atxilotu zituzten bi pertsonetako batekin erlazionatu ahal izan dute.
Susmagarria atzo, asteazkena, goizean aurkitu eta atxilotu zuten Arabako hiriburuan. Bere etxean gero egin zuten miaketan patinete elektriko bat, abenduan kalean lapurtu gisa agertzen zena, aurkitu zuten, eta ikertu gisa eginbideak ireki dizkiote, beraz, ebasketa-delitu batengatik. Gainera, azaroan ostalaritza-lokal batean bezero bati deskuiduan lapurtutako telefono mugikor bat ere aurkitu zuten, eta errezeptazio-delituagatik ere ari dira ikertzen, beraz.
Ertzaintzak Aranbizkarra auzoko etxetik lapurtutako hainbat txanpon zahar berreskuratu ditu, eta jada itzuli dizkiote legezko jabeari.
Arabako hiriburuko denda batean, joan den abenduan, hainbat jantzi ebastea ere leporatu diote.
Beste hiru lapurreta Arabako hiriburuko etxebizitzetan
Ikerketa horiei esker, atxilotu duten gizona joan den urtearen amaieran eta aurtengoaren hasieran Gasteizeko hainbat etxebizitzatan indarra erabiliz egindako beste hiru lapurretarekin ere erlazionatu dute, eta horiek ere leporatu dizkiote.
Atxilotuak, magrebtar jatorriko 42 urteko gizonak, aurrekariak ditu ondarearen aurkako delituengatik, eta epailearen eskuetan jarriko dute dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren.