26_0121 Ertzaintza eta Donostiako Udaltzaingoa pertsonen legez kanpoko trafikoaren balizko kasu bat ikertzen ari dira

Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak ikerketa bat jarri dute abian pertsonen legez kanpoko trafikoaren ustezko delitu bati buruz. Atzo goizaldean, udaltzainek furgoneta bat geldiarazi zuten, ihes egiten saiatu zena. Furgoneta horretan, asiar jatorriko hainbat pertsona zihoazen.

Atzo, asteartea, goizaldeko hirurak hogei gutxi aldera, Donostiako udaltzainek matrikula frantseseko plakak zituen furgoneta bat ikusi zuten Amara auzoan, kontrako norabidean. Ibilgailua geldiaraztean, ihes egin zuen, eta, hiriko hainbat kaletatik zirkulatu ondoren, agenteek GI-20 errepidean geldiarazi zuten, Aiete auzoaren parean.

Bertan, jatorri asiarreko zenbait pertsona zihoazen, eta horietako batzuk ihesi atera ziren. Ondoren, Donostiako ertzain-etxeko patruilek aurkitu zituzten, hiritik alde egiten saiatzen ari zirela. Horiek guztiak agiririk gabe zeudenez eta egindako lehenengo ikerketen arabera pertsonen legez kanpoko trafikoaren ustezko kasu baten aurrean egon zitezkeenez, ertzain-etxera eraman zituzten, ikerketa bat abian jartzeko.

Adingaberen batekin zihoazen familietako bat hiriko harrera-zentro batera eraman zuen Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak (SMUS).

Lehen ikerketen arabera, pertsona horiek hainbat ordainketa egin dituzte hainbat herrialdetatik Espainiara eramateko, eta hainbat baldintza bete behar dituzte, hala nola dokumentazioa beren gauzen artean ez eramatea edo aurretik erabili ez den telefono mugikor bat eramatea, agendan gordetako kontakturik gabe.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza funtsezkoa izan da operazio hori egiteko orduan, bi polizia-kidegoen arteko lan partekatuaren garrantziaren erakusgarri. Une honetan ikerketa zabalik dago.