- Irun eta Hondarribiko 60 ordezkari baino gehiagok parte hartu dute gaurko saioan.
Irungo udalerrian egin da gaur arratsaldean Basque Segurtasun Foroaren 16. saioa. Bertan, Irun eta Hondarribiko 60 ordezkari instituzional, sozial eta ekonomiko baino gehiago bildu dira Bidasoaldeko eskualdeko segurtasun-egoera aztertzeko. Parte-hartzaileek beren diagnostikoak, esperientziak eta proposamenak partekatu dituzte, eremuan bizikidetza eta koordinazioa indartzeko asmoz.
Jardunaldia Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak eta Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak zuzendu dute, eta Irun eta Hondarribiko udal-ordezkariez gain, hainbat eragilek parte hartu dute: erakunde sozialek, agente ekonomikoek, auzo-elkarteek eta segurtasunaren zein kudeaketa publikoaren arloko profesionalek; besteak beste, udalak, justizia-administrazioa, babes zibileko boluntariotza, Ertzaintza, udaltzaingoa, Osakidetza, alderdi politikoak, elkarteak, enpresak eta kirol-klubak.
Topaketaren izaera zeharkakoak aukera eman du segurtasuna ikuspegi polizialetik harago lantzeko, prebentziozko, komunitario eta sozialeko ikuspegietatik ere jorratuz, eta erakundeen arteko lankidetzan arreta berezia jarriz. Saioan, Bidasoaldeko hiri- eta mugaz gaindiko eremuari eragiten dioten egungo erronka nagusiak aztertu dira, hala nola larrialdien kudeaketa, klima-aldaketaren eragina, ziberkriminalitatea, emakumeen aurkako indarkeria, drogen trafikoa eta kontsumoa, baita trafikoari lotutako arazoak ere, besteak beste.
Parte-hartze prozesua Euskadi osoan
Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hamaseigarren bilera izan da, aurretik Mungialdean, Goierrin, Debagoienan, Meatzaldean, Arabako Errioxan eta Arabako Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Debabarrenean, Enkarterrin, Araban eta Gipuzkoan egindako saioen ondoren.
Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat ikuspegi integral batetik eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak
Foroaren hurrengo bilera martxoaren 5ean egingo da, Basaurin.