26_0131 Hiru atxilotu eta bi ikertu Bilboko ikastetxe batean indarrez lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek hiru gazte atxilotu dituzte gaur, igandea, goizaldean Bilbon, eta beste bi ikertu dituzte, Bilboko ikastetxe batean indarra erabiliz lapurtzea egotzita. Atxilotuetako bat ere ikertu dute, kamioi batean grafiti bat egiteagatik kalte-delitu bat egotzita.

Goizaldeko ordu bata aldera, Ertzaintzari jakinarazi diote hainbat pertsona kaputxa jantzita zeudela Bizkaiko hiriburuko aparkaleku batetik gertu.

Jarraian, inguruan zaintza-lanak egiten ari ziren Bilboko ertzain-etxeko agenteak bertaratu dira, eta hiru gizon aurkitu dituzte auto baten barruan, agenteak igarotzen ari zirela ezkutatzen saiatzen. Halaber, beste bi ibilgailutik atera ziren, tokitik urrundu nahian.

Pertsona horiek identifikatu eta ibilgailua miatu dute. Bertan, hainbat motxila aurkitu dituzte, ordenagailuekin eta eskola-materialarekin, eta gazteek aitortu dute hurbileko ikastetxe batetik lapurtu dutela, hesi bat eta horma bat gaindituta eta leiho batetik sartuta. Gertakari horiengatik, horietako hiru atxilotu dituzte, 17 urteko bi eta 20 urteko beste bat, nazionalitate espainiarrekoak, indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta-delitu bana egotzita, eta eginbideak ireki dizkiete beste biri. Horietako bat magrebtarra da, 19 urtekoa, eta bestea, 21 urtekoa eta nazionalitate espainiarrekoa, delitu beragatik.

Ertzainek grafiti bat ere aurkitu dute, gazteen ibilgailutik gertu aparkatuta zegoen kamioi batean egin izanaren zantzuak zituena, eta pintura-esprai bat aurkitu dute motxiletako baten miaketan. Hori dela eta, ikerketa abiatu dute atxilotuetako bati (17 urte) kalteak eragiteagatik.

Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko eginbideak egiteko. 17 urteko gazteak aske utzi dituzte ordu gutxira, eta 20 urteko gaztea epailearen esku noiz utziko zain daude.