Pertsona batek Ertzaintzaren agenteen jarduera salatu du Sestaon

Pertsona batek Ertzaintzaren agenteen jarduera salatu du Sestaon

Joan den igandeko goizaldean, Sestaoko ertzain-etxeko uniformerik gabeko patruila bat bereizgarririk gabeko ibilgailu ofizial batean zihoan Sestaoko Jose Antonio Aguirre eta Lekube kaletik. Zebra-bide bat zeharkatzerakoan, agenteen ibilgailua gelditu egin zen, hainbat pertsona zarataka hasi zitzaielako eta ibilgailua kolpatu zutelako. Lehenengo eztabaidaren ondoren, agenteak, eskuan borra luzagarriak zeramatzatela, ibilgailutik atera ziren, eta borrokan elkarren aurka jardun zuten polizia-ibilgailua kolpatu zuten pertsonek eta ertzain biek.

Patruila gehiago iritsi zirenean, erasoetan parte hartu zuten hiru pertsona atxilotu zituzten, 19 eta 22 urteko bi gizon eta 51 urteko emakume bat, guztiak espainiar nazionalitatekoak, agenteen aurka eraso egiteagatik.

Atxilotuetako bi, emakumea eta 22 urteko gizona, ospitalera eraman zituzten, lesioak baitzituzten. Gizona ospitaleratuta geratu zen barrabil batean ebakuntza egiteko.

Ertzaintzako agente biak mutuara joan ziren, jasotako kolpeak sendatzeko.

Sestaon gertatutakoaren ondoren, Ertzaintzaren barne-arazoetako buruzagitzak ikerketa hasi du, gertatutakoa argitu ahal izateko. Egindako lehen eginbideetako bat, zauritu eta atxilotutako emakumearen salaketa jasotzea izan da.

Segurtasun Sailak barne-ikerketaren hasieraren berri eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari eta Segurtasuneko sailburuak agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean gertatutakoa azaltzeko.