26_0153 Ertzaintzak zibersegurtasunean jarri du arreta segurtasuneko nazioarteko foro nagusietako bat den SICUR 2026 azokan

Ertzaintzak Madrilgo IFEMAN otsailaren 24tik 27ra bitartean egin den SICUR 2026 – Segurtasuneko Nazioarteko Azokan parte hartu du aste honetan. Bi urtez behin egiten den topaketa horrek segurtasun publikoko eta pribatuko profesionalak eta erabiltzaileak elkartzen ditu, bai eta 25 herrialdetako sektoreko elkarteak eta enpresak ere.
Nazioarteko foro garrantzitsu horretan parte hartzen duen seigarren aldi honetan, Ertzaintzak zibersegurtasunean jarri du arreta, segurtasun integralaren arloko erronka global nagusietako bat baita.

BERRIKUNTZA HERRITARREN ZERBITZURA

“Zibersegurtasuna Ertzaintzan: berrikuntza herritarren zerbitzura” lelopean, Ertzaintzak bere standa jarri du azokako pabiloietako batean. Kanpo Lankidetzako Burutza arduradun izan duen gune horretatik Euskal Poliziaren ezaugarriak eta zibersegurtasunaren arloko bere lan-ildo nagusiak azaldu ditu.

Lau egunetan, agintarien, beste polizia-kidego batzuetako ordezkarien, segurtasun-agentzien, enpresa espezializatuen eta sektoreko profesionalen bisita jaso du standak, ezagutza trukatzeko eta lankidetza bide posibleak aztertzeko. Horien artean, Asier Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak hainbat bilera instituzional egin ditu.

SICUR CYBER

SICUR CYBER jarduera-programaren esparruan, Aitor Ercilla Ertzaintzako Zibersegurtasuna Koordinatzeko buruak “Ziberkriminalitatearen egoera” panelean parte hartu zuen atzo,ostegunean, beste polizia-kidego batzuetako arduradunekin batera. Bere esku-hartzean, mehatxu digitalen bilakaera eta etengabe aldatzen ari den fenomenoari aurre egiteko erakundeen arteko lankidetza indartzeko beharra jorratu zituen.

TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZA: DRONEAK ETA AIRBAGAK

Berrikuntza teknologikoaren esparruan, Zaintza eta Erreskate Unitateko Droneen Atalak azken belaunaldiko hainbat dispositibo, zerbitzuan azkenaldian sartu direnak, jarri ditu ikusgai. Horiek eta azpiegitura kritikoak eta sentikorrak babesteko enpresekin eta antolakundeekin egindako lankidetza-hitzarmenek agerian jartzen dute Ertzaintzak mehatxu berriei aurrea hartzeko eta horiei eraginkortasunez erantzuteko konpromisoa hartu duela, batez ere egungo ingurune geopolitiko konplexu honetan.

Halaber, Ertzaintzako Trafiko Unitateak motozikleta bat eta ehunetan eta babesetan hobekuntzak dakartzaten  trafikoko agenteen uniforme berriak izan ditu ikusgai erakusketa gunean, bai eta iazko otsailetik eskuragarri dituzten airbag-txaleko berriak ere.

EMAKUMEA, SEGURTASUNAREN ORAINA ETA ETORKIZUNA

SICURek Emakumearen eta Segurtasunaren Behatokia ere hartu du, eta bertan Arantza Monterok, Ertzaintzak Madrilen duen lotura-ofizialak, parte hartu du asteazken honetan, “Inspirazio diren emakumeak: segurtasunaren oraina eta etorkizuna” mahai-inguruan, Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko ordezkariekin batera, segurtasunaren arloan emakumeak duen zereginari balioa emanez.