Eusko Jaurlaritza Muskiz, Abanto eta Zierbenako airearen kalitatearen etengabeko jarraipena egiten ari da

Eusko Jaurlaritza Muskiz, Abanto eta Zierbenako airearen kalitatearen etengabeko jarraipena egiten ari da

Eusko Jaurlaritza Muskizko, Abantoko eta Zierbenako airearen kalitatearen etengabeko jarraipena egiten ari da, airearen kalitateko aztertzeko estazioen sistemaren bidez eta neurgailuek ematen dituzten datuak aztertuz. SOS Deiaken 112 zerbitzuan kezkatuta dauden pertsona batzuen dei batzuk jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du azken orduetan ez dela herritarrei neurri bereziak ezartzea eskatzen duen alerta egoerarik izan.

Airearen kalitatea neurtzeko estazioen sistemak atzo arratsaldean, San Juliango estazioan, normalean baino balio altuagoak atzeman zituen. 18:00etan metro kubikoko 42,94 mikrogramoko bentzeno kontzentrazioa jaso zen. 20:00etan, bentzenoaren balioa metro kubikoko 0,25 mikrogramokoa zen Las Carrerasen, Muskizen 0,18koa, Abanton 0,29koa eta San Julian auzoko estazioan 2,43 mikrogramo metro kubikokoa. Balio horiek beheranzko joerari eutsi diote, baina Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun, Osasun eta Ingurumen sailen bidez, airearen kalitatea kontrolatzen jarraitzen du.

Hiru sailetako teknikariak etengabe daude harremanetan neurketak une bakoitzean aztertzeko eta prebentzio-neurririk hartu behar den baloratzeko. Azterketa horiek egin ondoren, ez da beharrezkotzat jotzen herritarren osasuna babesteko aparteko neurriak hartzea.

Une honetan, Muskiz, Abanto eta Zierbenako airearen kalitatea normala da. Uneren batean herritarrak eta haien osasuna arriskuan jartzen dituen egoeraren bat gertatzen bada, hartu beharreko neurriak iragarriko dira. Bitartean, lasai egoteko eta iturri ofizialetatik iristen den informazioan konfiantza izateko eskatzen diegu herritarrei.