Ekimenaren barruan egin dira endoskopia aurreratuko lehen tailerra, digestio-aparatuko egoiliarrei zuzenduta, eta atzeranzko kolangiopankreatografia endoskopikoari eta ekoendoskopia interbentzionistari buruzko tailerra, espezialistei zuzenduta; hala, berretsi da konplexutasun handiko tekniketan etengabe gaitzeko gure zentroak duen konpromisoa.
Otsailaren 27an izan zen Osakidetzako egoiliarrentzako endoskopia aurreratuko lehen tailerra eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko instalazioetan egin zen. Alain Huerta Madrigal doktoreak zuzendu zuen ikastaroa eta digestio-aparatuko espezialitatea duten hirugarren eta laugarren urteko egoiliarrei zuzenduta egon zen; guztira hamabost plaza egon ziren eta espezialitatean BAME akreditazioa duten ospitaletako (Donostia, Basurtu, Araba, Galdakao eta Gurutzeta) profesionalek bete zituzten.
Helburu nagusia punta-puntako gailu endoskopikoak ezagutzea zen, besteak beste erabiltzen baitira digestio-traktuko lesio goiztiarrak tratatzeko, paretako akatsak ixteko eta atzeranzko kolangiopankreatografia endoskopikoari lotutako oinarrizko teknikak egiteko.
Prestakuntzak formatu mistoa izan zuen:
- Bloke teorikoa (online), astebete aurrerago Gurutzetako Campus Birtualean eskuragarri egon zena.
- Saio praktikoa (aurrez aurrekoa) hamar ordukoa; 90 minutuko bost moduluk osatu zuten, non rolak (eragilea, laguntzailea eta behatzailea) txandakatu baitziren.
Ospitaleko Digestio Aparatuko Zerbitzuko zazpi fakultatibo eta Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko fakultatibo bat izan ziren irakasleak, eta oso espezialitatutako banakako ikasketa bermatu zen.
Atzeranzko kolangiopankreatografia endoskopikoari eta ekoendoskopia interbentzionistari buruzko tailerra
Egoiliarrentzako tailerraz gain, otsailaren 25ean egin zen atzeranzko kolangiopankreatografia endoskopikoari eta ekoendoskopia interbentzionistari buruzko tailerra, Osakidetzako askotariko ESItako espezialistei zuzenduta.

Saio horren bidez, bertatik bertara ezagutu zituzten teknika interbentzionistak ikuspegi praktikotik, eta sustatu zen geroz eta garrantzi kliniko handiagoa duten prozedurei lotutako gaitasunak eguneratzea eta gailu berriak ezagutzea.
Jarduera horien bidez, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak berretsi du erreferentziazko zentro dela endoskopiari buruzko prestakuntza aurreratua eskaintzen nahiz espezializazio handiko tekniketan gaikuntza praktikoa sustatzen, eta horrek zuzeneko eragina du Osakidetzako pazienteen asistentziaren kalitatean.