Bikote egonkorrak eratzeko izapideak egiteko aukera ematen duen hitzarmena berritu dute Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak

Bikote egonkorrak eratzeko izapideak egiteko aukera ematen duen hitzarmena berritu dute Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak

Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) lankidetzarako esparru-hitzarmen berri bat sinatu dute herritarrei Foru Komunitate osoan zerbitzu homogeneo bat hurbiltzeko: udalean bertan dokumentu publiko bidez bikote egonkor bat eratzeko edo desagertzeko aukera, eta, ondoren, Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatzeko eskaera.

2021ean hasiko lankidetzari jarraipena emateaz gain, indartu egingo du akordioak, zerbitzu hobea emateko eta izapide hori herri txikietan ere egitea bermatzeko helburuarekin, baliabideak gertu izatea bereziki garrantzitsua baita. Hala ere, zerbitzu hori  eman ahal izateko, beharrezkoa izango da udala Hitzarmenera atxikitzea, aurretik egin ez bada.

Izapide hurbilagoa eta baldintza berberak dituena Nafarroa osoarentzat 

Foru-araudiaren arabera, bikote egonkorra dokumentu publiko bidez egin behar da eta inskripzioa erregistro bakar batean burutu, Foru Komunitate osorako irizpide komunekin. Hitzarmen honen bidez, atxikitzen diren udalerriek dokumentu publikoa formalizatu ahal izateko aukera eskainiko dute udalerriko Idazkaritzan, joan-etorririk egin beharrik gabe eta bizilagunentzat kudeaketak erraztuta.

Lankidetza atxikitako udalerriko herritarrentzat denez, bikotekideetako batek, gutxienez, udalerriko bizilaguna izan beharko du.

Atxikitako udalek egin ahal izango dituzten jarduerak 

Atxikitako udalerrietan, udalerriko Idazkaritzak bikote egonkorra eratzeko edo desegiteko dokumentu publikoak formalizatu ahal izango ditu. Gainera, interesatuek berariaz eskatzen badute, udalak bitarteko elektronikoen bidez bidali ahal izango du Erregistro Bakarrera eratutako bikoite egonkorra inskribatzeko eskaera; dokumentu pribatuan formalizatutako itun erregulatzaileen inskripzioa; bikoitea desegiteko inskripzioa, hala badagokio; edo erregistroko baja-eskaerak.
Erregistro Bakarrak dokumentuen ereduak eta laguntza emango dizkie udalei, izapidetzerakoan sor daitezkeen zalantzei erantzuteko.

Administrazioentzako kosturik gabe eta jarraipen-batzordearekin 

Hitzarmenak ez du inolako konpromiso ekonomikorik alderdientzat, eta lau urtekoa izango da, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Era berean, jarraipen-batzorde bat sortuko da, Departamentuaren eta NUKFeren ordezkaritzarekin, interpretatzeko arazoak konpontzeko eta garatzeko hobekuntzak proposatzeko.

Zerbitzu hori herritarrei eman nahi dieten udalak eskaera bidez atxiki ahal izango dira (hitzarmenean bertan aurreikusitako ereduaren arabera), eta posta elektronikoaren bidez bidaliko zaie Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari eta NUKFri: registro.parejas.estables@navarra.es ; fnmc@fnmc.es

Informazio gehiago nahi izanez gero, sakatu hemen.