Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta URA-Uraren Euskal Agentziak herritarrek parte hartzeko tailerrak egin dituzte Kantauri Ekialdeko Demarkazioko 2028-2033 Plan Hidrologikoaren Gai Garrantzitsuen Eskemari buruzko kontsultan

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta URA-Uraren Euskal Agentziak herritarrek parte hartzeko tailerrak egin dituzte Kantauri Ekialdeko Demarkazioko 2028-2033 Plan Hidrologikoaren Gai Garrantzitsuen Eskemari buruzko kontsultan
  • Martxoan, EAEko biztanleriaren % 85 bizi den demarkazioko uraren plangintzako eta kudeaketako alderdi garrantzitsuekin lotutako partaidetza-tailerrak egingo dira
  • Gai Garrantzitsuen Eskema etorkizuneko Plan Hidrologikoaren jarraibideen dokumentua da, eta kontsulta publikoan dago 2026ko maiatzaren 28ra arte, publiko interesdunaren proposamenak, oharrak eta iradokizunak jasotzeko.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak Kantauri Ekialdeko Demarkazioko 2028-2033 Plan Hidrologikoaren Gai Garrantzitsuen Eskemari buruzko kontsulta ireki dute.

Martxoan lau partaidetza-tailer egingo dira, uraren kudeaketaren alderdi garrantzitsuei buruz eztabaidatzeko: atzo, martxoaren 11n, horniduraren bermeaz eta erabileraren arrazionaltasunaz hitz egin zen Donostian, eta gaur, uholde-arriskuaz Bilbon; martxoaren 25ean, ingurumena lehengoratzeaz eta hobetzeaz (Donostian); eta martxoaren 26an, Kutsaduraz (Bilbon).

Gai Garrantzitsuen Eskema funtsezko dokumentua da plangintza hidrologikoan, etorkizuneko plan hidrologikoaren jarraibideak ezartzen baititu. Plan hidrologiko horretan, demarkazio bakoitzean dauden arazo nagusiak identifikatzen dira, eta ondoren planean garatu beharko diren jardun-ildoak eta erabakiak zehazten dira.

Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Gai Garrantzitsuen Eskema kontsulta publikoan dago 2026ko maiatzaren 28ra arte, eta Uraren Euskal Agentziaren eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren webguneetan kontsulta daiteke. Horrela, interesdunek dokumentu horiei buruzko proposamenak, oharrak eta iradokizunak egin ahal izango dituzte.

Eskemak memoria labur bat eta fitxa batzuk ditu. Fitxa horietan, plangintza hidrologikoaren helburuekin lotutako gai nagusiak edo arazoak deskribatzen dira, eta horiek konpontzeko aukera posibleak eta etorkizuneko plan hidrologikoa garatzeko proposatzen diren erabakiak zirriborratzen dira. Gai garrantzitsuek ur-masen eta eremu babestuen ingurumen-helburuekin, ur-eskariei erantzutearekin eta uholdeen eta lehorteen kudeaketarekin lotutako alderdiak biltzen dituzte.

Gai Garrantzitsuen Eskemaren alderdi garrantzitsuenetako bat klima-aldaketara egokitzeko tratamendua da, laugarren zikloko plan hidrologikoei begira plan osoaren zeharkako ardatz gisa eratzen dena. Horrela, Klima Aldaketara Egokitzeko Azterlanak osatzen ari dira, eta datozen hilabeteetan argitaratuko dira, Gai Garrantzitsuen Eskema eztabaidatzeko eta finkatzeko prozesuan kontuan hartu ahal izateko.

Parte-hartze publikoko aldi hori amaitu ondoren, eta jasotako proposamenak aztertu eta, hala badagokio, txertatu ondoren, dokumentuak behin betikotzat joko dira. Ondoren, plan hidrologiko bakoitzaren proposamena idatziko da, eta 2026ko azken hilabeteetan parte-hartze publikoko prozesu bat abiaraztea aurreikusten da.