Eusko Jaurlaritzak Europako Gizarte Funtsaren (EGF) VI. Foroa inauguratu du gaur. Bizkaia Aretoan egiten ari den erreferentziazko topagune horrek ehun bat ordezkari bilduko ditu bi egunez —ordezkari instituzionalak, gizarte-politiketako adituak eta EGF+ funtsekin batera finantzatutako programen arduradunak—.Foroak aurten Funtsaren ekintza egituratzen duen premisa hartu du ardatz: “bidezko inbertsio errentagarria».
Inaugurazio-jardunaldian Noël d ‘Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak hartu du parte, eta Eusko Jaurlaritzak hazkunde inklusiboarekin, pertsona ahulenen babesarekin eta kohesio-politika moderno, «eraginkor eta lurraldeetatik hurbil» batekin duen konpromisoa azpimarratu du. Bere hitzaldian, sailburuak gogorarazi du Europako Gizarte Funtsa Europako egitura-funtsen artean beteranoena dela, 1957an sortua, herritarren enplegu-aukerak eta bizi-baldintzak hobetzeko.
Foroari nazioarteko testuinguru bereziki konplexu batean eman zaio hasiera, ondoz ondoko krisiek, tentsio geopolitikoek eta Europaren ahalmen estrategikoa indartzeko premiak markatutako testuinguruan. Sailburuak aditzera eman du, testuinguru horretan, erantzun partekatuei eta lankidetza publiko-pribatu sendoari esker soilik posible izango dela kohesioari eustea, balio demokratikoak babestea eta Europako proiektuaren etorkizuna bermatzea.
D’Anjou sailburuak, halaber, Euskadiren eta 2028-2034 ziklorako Europako lehentasunen arteko bat etortze estrategikoa azaldu du. Produkzioa hiru tresna nagusiren bidez modernizatzearen garrantzia nabarmendu du: Euskadi 2030 Industria Plana; Euskadi Eraldatuz 2030 Inbertsio Plana; eta Berrikuntza Itsasargiak.
Era berean, 2028–2034 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruaren aurrean Euskadik duen jarrera berretsi du, eta Kohesio Politika sendoa defendatu du, eskualdeei baliabideak argi esleitzearen bidez, autonomia juridiko eta finantzarioaren bidez eta Europako Batzordearekiko elkarrizketan zuzenean parte hartzearen bidez.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu nahi izan du EGF+ funtsen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan finantzatutako proiektuak “zorrotz eta erritmo onean” egikaritzen ari direla, erakundeen, gizarte-entitateen, eragile ekonomikoen eta talde teknikoen arteko lan koordinatuari esker.
Foroa antolatzearekin, Euskadik berresten du Europaren kohesioaren etorkizunean eragile aktiboa izaten jarraitzeko borondatea duela, baita kalitatezko enpleguarekin, aukera-berdintasunarekin eta laguntza-premiarik handiena dutenen babesarekin konprometitutako lurraldea izaten jarraitzeko borondatea ere.
Foroaren programazioan, hurrengo hamarkadako erronka sozial nagusiei zuzendutako begirada integrala nabarmentzen da. Gaur, osteguna, goizean, Europako Batzordeko ordezkariek, Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitateko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Europako Gizarte Funtsa Plusaren egungo egoera eta Europako finantza-ziklo berriaren ildo estrategikoak izango dituzte aztergai. Gaur arratsaldeko saioa, berriz, Europako gizarte-politikaren ardatz nagusietako batean oinarrituko da: Haur Bermea EGF+ funtsean, eta pobreziaren belaunaldi-arteko zirkulua apurtzeko betetzen duen eginkizuna.
Bigarren jardunaldia: testigantzak, proiektuak eta talentu gaztea
Bihar, ostirala, EGF+ funtsekin batera finantzatutako programen onuradunen zuzeneko testigantzei eskainitako saioarekin emango zaio jarraipena foroari. Onuradunek ekimen horiek beren bizitza- eta lanbide-ibilbideetan benetan izan duten eraginaren berri emango dute.
Gero, Europako Gizarte Funtsaren VI. Foroaren lehiaketa egingo da, talentu gaztea eta Europako Gizarte Funtsaren esparruan bultzatutako jardunbide onak aitortzeko espazioa. Itxiera-ekitaldiarekin emango zaio amaiera jardunaldiari, José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordearen eskutik.