Ertzaintzako agenteek hiru gizon atxilotu dituzte auto baten bidegabeko jabetzearen delitua leporatuta. Hiru gizonak alokairuko auto batean zihoazen, eta Madrilgo Erkidegoan salatu zuten autoaren lapurreta.
Atzo, osteguna, arratsaldeko zortziak aldera, Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek ibilgailu bat geldiarazi zuten Bergaran, AP-636 errepideko prebentziozko alkoholemia-kontrol batean, eta auto horren lapurreta Madrilgo Pinto herrian salatu zutela egiaztatu zuten. Antza denez, alokairuko enpresa batena zen, eta joan den larunbatean, martxoaren 21ean, itzuli behar zuen pertsona bati alokatu zion.
Autoan zihoazen bidaiarien artean ez zegoen alokatu zuen gizona, eta agenteei esan zieten lagun batek alokatu ziela bi asterako, nahiz eta ez zuten hori egiaztatzen zuen agiririk. Horren aurrean, hiru pertsonak atxilotu zituzten bidegabeko jabetzearen delitua leporatuta.
Atxilotuak, 23, 27 eta 32 urtekoak eta latinoamerikar jatorrikoak, gaur jarri dituzte epailearen eskuetan.