- Alberto Martínez Osasuneko sailburuak arduraz jokatzeko eta konfiantzazko mezua zabaldu du: “Alde guztiei borondate ona izateko eskatzen diegu, gatazka desblokeatu dadin. Aukera bat da elkarrizketari berriro ekiteko eta, batez ere, pazienteen egoeran pentsatzeko”
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Madrilen egin den Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren amaieran, aitortu du aurrerapausoa dela bitartekari independente bat izendatzeko akordioa lortzea, Osasun Ministerioaren Estatutu Markoaren proposamenari buruzko desadostasunen inguruan medikuen kolektiboaren grebak eragindako gatazka konpontzen laguntzeko.
Martínezek azaldu duenez, proposamen hori Eusko Jaurlaritzak, Gaztela-Mantxak eta Kanariek bultzatu zuten elkarrekin, eta azkenean autonomia-erkidego guztiek eta Osasun Ministerioak onartu dute. “Lurralde Arteko Kontseilua amaitu berri dugu eta, elkarrekin adostuta, bitartekari bat izendatzea erabaki dugu, egoera bideratzen laguntzeko eta Ministerioaren eta Greba Batzordearen arteko elkarrizketa errazteko”, adierazi du.
Bitartekariak bi aldeek onartutako pertsona edo erakunde bat izan beharko duela zehaztu du sailburuak. “Ministerioak bitartekari bat izendatuko du eta Greba Batzordeak beste bat proposatu ahal izango du, baina garrantzitsuena adostasuna eta elkar ulertzeko borondatea edukitzea da”, azpimarratu du.
Bileran, oso positibotzat jo da Pazienteen Erakundeen Plataformak bitartekaritza-lan hori egitea. “Eusko Jaurlaritza Plataformarekin egon zen harremanetan eta parte hartzeko interesa adierazi zuen, eurek adierazi zutelako laguntzeko prest zeudela. Ministerioak ere ondo ikusi du aukera hori, eta orain Greba Batzordeak oniritzia ematea falta da”, azaldu du Martínezek.
Arduraz jokatzeko eta konfiantzazko mezua zabaldu du sailburuak: “Alde guztiei borondate ona eskatzen diegu, bitartekariak bere lana hasi ahala gatazka desblokeatu dadin. Aukera bat da elkarrizketari berriro ekiteko eta, batez ere, pazienteen egoeran pentsatzeko”
Baikor, zuhur edo ezkor ikusten den galdetuta, Martínezek nahiago izan du zuhurtziari eutsi: “Zuhurra izatea gustatzen zait, karga emozional handia baitago gatazka honetan guztian. Baina uste dugu Pazienteen Plataforma bitartekari gisa sartzea urrats sinbolikoa eta garrantzitsua izan daitekeela. Haiek dira greba honen ondorioak gehien pairatzen ari direnen ordezkariak, eta haien parte-hartzeak oreka eta sen ona ekar diezaioke prozesuari”.