Ertzaintzak 54 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Substantziak banatzen ziren lokalean egindako miaketan marihuana, estasia eta kokaina aurkitu zituzten.
Ertzaintzak bildutako informazioetan oinarrituta, eta Erandioko Udaltzaingoarekin lankidetzan, bertako Ertzain-etxeko agenteek droga-trafikoarekin lotutako ikerketa bat hasi zuten, drogaren banaketa lonja batean bizi zen pertsona bati leporatzen baitzioten. Agenteek egindako jarduketei esker, egiaztatu ahal izan zuten susmagarriak inguruko toxikomanoei banatzen zizkiela substantziak lokalean bertan. Bezeroak lokalera hurbiltzen ziren eta, bertan denbora labur batez egon ondoren, legez kontrako substantziak erosi ostean irteten ziren.
Ebidentzia horien aurrean, atzo arratsaldeko lehenengo orduan, ikerketaz arduratu ziren agenteek ustezko trafikatzailea atxilotu zuten osasun publikoaren aurkako delitu batengatik. Atxilotua 54 urteko gizona da, jatorriz latinoamerikarra.
Atzo gauean, atxilotuarekin adostuta eta dagokion baimenarekin, lonjan sartu eta miaketa egin zuten, eta 100 gramo inguru marihuana, 15 estasi-pilula, kokaina-kopuru txiki bat, doitasun-balantza bat eta nahasteko substantziak zituen pote bat aurkitu zituzten.
Gainera, telebistak, erreminta elektrikoak zituzten kaxak, bizikleta bat, patinete bat eta animalien hamarren bat adar konfiskatu zituzten, lapurtutako ondasunen ustezko errezeptazio-delitu bateko objektutzat hartu baitzituzten. Konfiskatutako objektuen jatorria ikertzen ari dira horien legezko jabeei itzultzeko.