26_0242 Bi atxilotu Bilboko taberna batean indarra erabiliz lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu gaur goizaldean Bizkaiko hiriburuan, ostalaritza-establezimendu batean leiho bat behartuta sartu eta indarrez lapurreta egitea leporatuta.

Goizaldeko hiru eta erdiak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakitera eman diote Bilboko erdialdeko taberna bateko intrusio-alarma aktibatu dela. Inguruan zaintza-lanetan ari zen patruila bat berehala hurbildu da lekura, eta establezimendutik gertu aurkitu dute alarma-zentralak emandako deskribapenarekin erabat bat zetorren gizon bat, emakume batekin zegoena. Beste patruila bat lokalera joan da, eta leiho bat behartuta zegoela egiaztatu du.

Agenteek pertsona horiek identifikatu dituzte eta, miatu dituztenean, egiaztatu dute gizonak eskudirutan 240 eurotik gora, palanka bat, bihurkin bat eta beste erreminta batzuk zeramatzala eta emakumeak, berriz, itxuraz tabernatik lapurtutako ardo-botila batzuk.

Horren aurrean, europar jatorriko 42 urteko gizona eta espainiar nazionalitateko 45 urteko emakumea atxilotu egin dituzte indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Atxilotuek polizia-aurrekari ugari dituzte antzeko egitateengatik, eta polizia-egoitzara eraman dituzte dagozkion eginbideak betetzeko. Horiek amaitutakoan, agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.