Ertzaintzak 19 eta 21 urte bitarteko bost gazte atxilotu ditu gaur arratsaldean Murgian, Gasteizen 17 urteko adingabe bati arma zuri batekin eraso egitea egotzita. Biktima Txagorritxuko ospitalera eraman dute, zauri larriak baitzituen.
Arratsaldeko sei eta erdiak inguruan, Ertzaintzari jakinarazi diote gazte bat eraso baten biktima izan dela Gasteizko Oto hiribidean. Berehala bertaratu da polizia-patruila bat, eta baieztatu ahal izan dute zaurituak (adingabea eta nazionalitate espainiarrekia) arma zuriz egindako lesioak zituela, eta Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dutela.
Lehen ikerketen arabera, antza denez, egileek ibilgailuren batean ihes egin zuten, eta berehala bilaketa-dispositibo bat ezarri dute ibilgailuak aurkitzeko. Handik gutxira, ustez erasotzaileak zeramatzan autoa geldiarazi dute Murgia parean (Araba), eta bost bidaiariak identifikatu dituzte. Autoaren barruan aiztoak eta mailuak zituen poltsa bat zegoen, eta konfiskatu egin dituzte.
Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, bost susmagarriak atxilotu dituzte, ustezko hilketa-saiakera egotzita. Susmagarrietako bi magrebtarrak dira, Saharaz azpikoak beste bi eta beste bat europar jatorrikoa.
Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte, ikerketarekin jarraitzeko. Ikerketa zabalik dago oraindik.